Oiartzun-Pasaia partida baten artxiboko irudia
Sasoi honetan gehiegitan errepikatu dena, berriz ere gertatu zen larunbatean Karla Lekuonan: merezi ez zuen porrota jaso zuen Oiartzun Kirol Elkartearen (OKE) Hirugarren Mailako taldeak, etxean 1-2 galduta Durangoren kontra. Saiatzen dira oiartzuarrak, baina dena dute kontra. Maldan gora jartzen zaizkie partida guztiak, asko eman arren, eta kontrakoek gutxi egin arren.
Larunbatekoa beste kolpe bat izan zen, latza. Mailari eusteko borrokan ezinbestekoak ziren hiru puntuak, jakin arren Durangoko Culturak talde gogorra eta sendoa zela. Baina kanpokoek ez zuten etxekoen adinako meriturik egin partida irabazteko, hori bai, golak sartu zituzten, Oiartzunek baino bat gehiago, eta futbolaren oinarria hori da, golak sartzea.
Panorama beltza du gizonen Hirugarren Mailako taldeak. Zuloan, eta dena kontra: lesioak, zortea, askotan epaileak… Hurrengo jardunaldietan talde ona dela azaldu behar du Oiartzunek, sailkapeneko estuasunak ahazten saiatu, pixkanaka konfidantza hartzeko. Hori eginda, nork daki zer gerta daitekeen maiatzean, ligaren bukaeran.
Emakumeen beste erakustaldi bat
0-8. Emaitzarekin laburbildu daiteke OKEren emakumeen talde nagusiak, Bigarren Mailakoak, asteburuan egindakoaren azalpena. UD Aragonesa azkenaren kontrako partida jokatu zuten atzo neskek, eta gupidarik gabe pasatu ziren haien gainetik. Datu bat: azken lau partidetan, 21 gol alde eta bakarra kontra izan dute oiartzuarrek. Sailkapenaren lider jarraitzen dute horrenbestez, aurreko asteko Athleticen kontrako garaipen sonatuari esker.
Oiartzuarren golegileak, honakoak: Nerea Abancens (2), Evelyn Santos (2), Jone Olasagasti, Maria Granado, Nahia Mendiabe eta Nahikari Lekuona.
Beste emaitzak
FUTBOLA
Gizonen Lehen Erregionala
Emakumeen Erregionala
Gizonak, Gazteen Ohorezko Maila
- Oiartzun-Santo Tomas Lizeoa 5-0
Gizonak, Gazteen Lehen Maila
ARETO FUTBOLA
Gipuzkoako Lehen Maila
- Oiartzun-Ventanas ISU 9-3
Gipuzkoako Bigarren Maila
- Miren Taberna Baobab-Power Rangers 2-2
SASKIBALOIA
Gipuzkoako Bigarren Maila
- Andraitz-Oiartzungo Saskilagunak 30-58