Antxo Eraikitzen parte hartze prozesuaren hirugarren txanda da orain abiatuko dutena; herritarrekin biltzen hasi aurretik erakusketa bat izango da, Azokan, "azken prozesutik hona egindakoen berri" emateko.
BadiaGU kanpainaren barruan, mugen auziari buruzko erakusketa dago Antxon
Antxotarrek datozen hamarkadetarako Antxo nolakoa nahi duten erabaki dezaten, parte hartze prozesu bat abiatuko du hil honen bukaeran udalak. Prozesua garai batean Biteri Plazaren inguruan egin zen lanaren jarraipena izango da, eta orduko hartan bezala Elhuyarrek gidatu eta dinamizatuko ditu parte hartze saioak.
Hiru saio aurreikusi dituzte: hilaren 25ean lehenbizikoa; apirilaren 15ean bigarrena eta maiatzaren 6an hirugarrena eta azkena. Tokia eta ordua oraindik zehazteke dituzte, baina data hurbildu ahala jakinaraziko dituztela iragarri du udalak.
Lehengo saioan, orain arteko ibilbidea eta egungo proiektuak eta asmoak azalduko dituzte, eta ondoren, aurretik egindako diagnostikoa aurkeztu eta osatuko dute. Bigarren saioan, Antxo berrantolatzeko proposamenak landuko dituzte eta hirugarren eta azken saioan proposamenak lehenetsiko dituzte, herritarrekin adostutako irizpideen arabera eta proposamenen bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa aztertu ondoren.
Aurretik, baina, erakusketa bat izango dela ohartarazi dute, azken parte hartze prozesutik hona egin diren urratsen berri emateko. Erakusketa Azokan izango da hil honen erdialdetik aurrera, eta herritarrek han “herriaren beharren eta antolamenduaren inguruko proposamenak” egiteko aukera izango dute.
Udalaren webgunearen bidez ere izango da ekarpenak egiteko aukera.
Aldagai berriak
Antxo Eraikitzen prozesuaren bigarren fasean udalak Biteri plazaren inguruan Ideia Lehiaketa bat antolatzea adostu zuen herritarrekin. Erabaki hura hartu zenetik hona, ordea, Antxoko etorkizunean eragin handia izan dezaketen hainbat aldagai berri sortu dira, eta udalak horiek guztiak partekatu nahi ditu herritarrekin inongo erabakirik hartu aurretik.
Aldagai berrien artetik bi nabarmendu ditu udalak: Batetik, Luzuriagako bulegoen eraikina erostea aztertzen ari direla jakinarazi dute, aldundiak lagunduta, eta bestetik, topoaren trazatua lur azpitik bideratzeko egitasmoa aipatu dute, Antxoko egitura zeharo aldatu dezakeelakoan.