Udal Liburutegiko azkeneko solairuan ordenagailuentzako txoko berria atondu dute. Astebete darama martxan, eta guztira hamasei ordenagailu berri daude, eta orain arte egon diren hiru ordenagailu propioei eta utzitako beste bati batu zaizkie. Leo Garcia Udal Artxibategiko arduradunak azaldu duenez, informatika saila indartzeko beharra zegoen: “Eusko Jaurlaritzak iaz diru laguntzak ematen zituen liburutegien beharrak asetze aldera. Ordenagailuak ezartzearen aldeko apustua egin genuen, eta gobernuak %90 finantzatu du”.

Mari Jose Pascual liburuzaina azalpenak ematen
Mari Jose Pascual liburuzainak esan du udal liburutegiak ez duela oraindik biztanleko ordenagailu ratioa betetzen, “baina hurbiltzen ari gara”. Goiko solairuan jarri dituzte ordenagailuak, toki onena izateaz gain, hamasei horiek sartzeko beste gunerik ez dagoelako. Hainbat ezaugarri dituzte ordenagailu horiek: teklatuak ez du soinurik egiten; soinua entzun nahi duenak, kaskoak eraman beharko ditu; eta erabiltzaile bakoitzak eguneko hiru orduz erabili dezake Internet, besteak beste.
Hasiera batean, Pascualek esan duenez, txandaka erabiltzeko pentsatuta daude. “Normalean, erabiltzaile bakoitza ez da ordubete baino gehiago egoten”, esan du. Ordenagailuak erabiltzeko, erregistroa egin beharko da, edo liburutegiko harreran txartel bat eskatu.