Aurreko urtetan ez bezala, txikienentzako eta udalekuetako plazak ez dituzte zozkatuko
Astelehenean irekiko dute Udako Oporraldia 2015 programan izena emateko epea. Hilaren 27ra arte egongo da zabalik, eta Errenteria-Oreretan erroldatutako haur guztiek eman dezakete izena, Txikiak, Udalekuak edo Kanpalekuak izeneko programetan.

Udalekuen aurkezpena
Unai Unsuain Gazteria zinegotziak iragarri du aurten berritasunak izango direla. Horrela, aurreko urteetan ez bezala, Beire eta Lousadako kanpaldietako plazak besterik ez dituzte zozkatuko. Txikiak-en edo Udalekuetan ez dira toki mugatuak egongo, eta izena eman duten guztiek izango dute parte hartzeko aukera, Beraunen edo Erdigunean. Iaz 700 haur izan ziren horietan.
Aurten goizago hasiko dira udalekuak. Lehenengo txanda ekainaren 29tik uztailaren 10era izango da, eta bigarrena hil horren 13tik 27ra. “Madalenen datarekin hobeto kointziditzen du”, esan Ibai Narbarte udalekuen koordinatzaileak, “eta espero dugu aurreko urteetako arrakasta bera izatea, baita haurren kopurua bi txandatan orekatuagoa egotea ere”.
Egon ohi den eskariari aurre egiteko asmoz, Gazte Informazio Bulegoaren (Merkatuzarren dago) ordutegia zabalduko dute. Horrela, 09:30etik 14:00etara eta 16:30etik 19:00etara egongo da irekita. Unsuainek gogorarazi duenez, udaran Saharatik, Ukrainatik edo Palestinatik etorritako haurrak herrikoak balira bezala hartuko dituzte kontuan. Gainera, aurten ere, hobariak eta penalizazioak izango dira. Informazio gehiago,
Gazte Informazio Bulegoaren webgunean.