Bi astez ariko dira lehen faseko lanak egiten; lan horiek bukatuta frontoiko plaza osorik egongo da erabilgarri.
Proisaren aldeko aldarria, San Pedron
Redenor enpresak egingo ditu San Pedron Proisako eraikina botatzeko lanak. Aurreko egunetan lokala husten aritu dira aipatu enpresako langileak eta aste honetan bertan hasiko dira eraikina botatzen. Udalak jakinarazi duenez, bi fasetan egingo dituzte eraiste lanak. Datozen bi asteetan eraikinaren zati bat botako dute, baina eraikinaren atzeko aldea ezingo dute guztiz eraitsi, bertan dagoen uralita kendu ahal izateko, enpresak baimen bat eskuratu behar duelako.
Edonola ere, lehen faseko bi asteko lanak pasata, frontoiko plaza –orain segurtasunarengatik hesiturik dutena zati handi batean– osorik erabilgarri izango dela jakinarazi du udalak. Era berean, lanek sortuko dituzten eragozpenengatik barkamena eskatu die udalak herritarrei, “batez ere frontoiaren inguruan bizi edota bertan biltzen direnei”.