Atzo egin zituen adierazpenak PSE-EEren ahaldun nagusirako hautagaiak, Trintxerpen atez atekoaren kontra egin zuten manifestazioan.
Denis Itxaso, PSE-EEren ahaldun nagusirako hautagaia, Trintxerpen izan da, atez atekoaren kontrako manifestazioan.
Mobilizazioei ekin zietenetik urtebete pasa dela gogoratzeko, asteazkeneko ohiko manifestazioa atzo egin zuten Trintxerpeko atez atekoaren kontrako plataformako kideek, herri kontsulta eskatu eta bosgarren edukiontzia aldarrikatzeko.
Pasaiako PSE-EEko kideak, aldundirako hautagaia Denis Itxaso buru zutela manifestazioan izan ziren, han aldarrikatutakoei babesa agertuz. Itxasok, “matxinada baketsura” deitu zituen herritarrak, “Bilduk legegintzaldian zehar ezarritako inposizioaren kontra”, eta edukiontzien bidezko sistema defendatu zuen, eraginkorra dela baieztatuz. Zentzu horretan gaikako bilketa “erosoagoa, malguagoa eta garbiago” baten alde egiteko eskatu zien herritarrei.
Bide beretik, Izaskun Gomez alkategaiak hauteskundeetan “gehiengo nahikoa” lortzekotan atez atekoa bertan behera uzteko konpromisoa berretsi zuen. Hala gertatuko balitz, kontsultarik ez zela beharrezkoa izango adierazi zuen Gomezek. “Botoak lortzekotan herri galdeketa egina legoke” esan zuen, eta Pasaian atez atekoaren kontra bildutako 4000 sinadurak EH Bilduk eta Ezker Anitzak lortutako botoak baino gehiago direla ohartarazi zuen beste behin.