Udal Garabi zerbitzuko sei langileek agerraldia egin dute eguerdian, euren lanpostuak “arriskuan” dituztela jakinarazteko. Adierazi dutenez, udalak Udaltzaingoaren bitartez eman nahi du zerbitzua, abuztutik aurrera, Vinci Park enpresarekin emakida bukatzean. Udalak lehiaketa berria egingo ez balu, esan du langileen ordezkari Joseba Dabozek, “gure burua kale gorrian ikusiko genuke”.

Garabietako langileak
Gaineratu dutenez, zerbitzua lehiaketara aterako balu, “esleipena jasoko lukeen enpresa gu subrogatzera behartuta egongo litzateke, gure lan hitzarmenak agintzen duen moduan”. Hala ere, ez dute espero hala izango denik: “Dirudienez, Udaltzaingoan hamar lanpostu aterako dituzte, eta langile berriei garabiak kudeatzeko baimena eskatuko zaie”.
Udalari beren asmoen berri emateko eskatu dio Dabozek, langileen izenean, eta langileei irtenbide bat bilatzeko, “lana aurkitzeko zaila den momentuan”. Horrela, euren etorkizunagatik borrokatuko direla adierazi du, eta “ezkerrekoa dela dioen gobernu batek ezin du beste alde batera begiratu”.
Iragarri duenez, Errenteria-Oreretako alderdi politiko guztiekin bilerak egingo dituzte, euren egoera zein den jakinarazteko. Udal Gobernu Taldearekin hiru bilera egin dituztela jakinarazi dute. Gainera, “aurrerapausorik ez balego”, mobilizazioak egingo dituztela ziurtatu dute.