
18. Korrika Oreretan
Larunbat eguerdian iritsiko da gaur hasi den Korrikaren 19. ekitaldia. Zehazki, 11:37an (gutxi gora beherakoak dira ordutegiak) iritsiko da Perurenara. Zazpi kilometro egingo ditu herrian zehar, eta hainbat eragilek pasatuko dute Remigio Mendiburuk sortu eta Juan Gorritik eraberritutako zurezko lekukoa.
Lehenengoak Errenteriako Udaleko arduradunak izango dira, eta kilometro berean —430.ean— Papresako langileei pasako diete, eta horiek EMKEko musika bandari. Hurrengo kilometroa, udal mantenuko langileentzako eta udaleko langileen artean partekatuko dute, Zamalbidera bidean. 432 kilometroan auzo elkarteek, gazte mugimenduak eta DBHko eta Batxilergoko ikasleek eramango dute lekukoa.
Isatseko maldan behera, Ansareok hartuko du egurrezko taila, eta Kukai dantza konpainiari pasako diete Loidi baserriaren parean. 434 kilometroa talde politikoena izango da: Sortuk eta LABek hartuko dute Arramendi pasealekuko biribilgunean; EAJk Aragoi biribilgunean hartuko du eta EH Bilduri pasako diote Kataluniako biribilgunean. Hurrengo biribilgunean, Errioxakoan, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleen txanda izango da. 12:08an, Herriko Plazan, elkarte gastronomikoek eta Etxeratek zatitxo bat partekatuko dute, Santa Klara kalean gora. Matxainen talde feministei pasako diete lekukoa. Errenteria-Oreretako azkeneko kilometroan, 437.an, AEKko ikasleek, Euskal Herrian Euskaraz-ek, Mintzalgunek eta Lau Haizetara elkartekoek eramango dute. 12:23an utziko du herria.
Egitaraua
Eguerdiko lasterketaz gain, egun osoko egitaraua egitaraua prestatu dute, jai giroa —are gehiago— bermatze aldera. Honakoa izango da:
- 10:19etik aurrera: Korrikari ongietorria emateko, kale girotzea musikariekin eta bestelako ikuskizunekin herritik zehar.
- 11:37an: Errenteria-Oreretak Perurenako gasolindegi inguruan jasoko du lekukoa.
- 14:19an: Koldo Mitxelena ikastetxeko Biteri eraikinean, herri bazkaria. Txartelak Zuketz eta Arkaitzan daude salgai.
- Bazkalostean: Korrika herri maratoi kulturala hainbat jarduerarekin: Amulleta danbor Kofradia, Ereintzako dantzaria, Xenpelar bertso eskola, Hoku Kai eskola, Joxe Mari Karrere, Trikitixa eskola, Kukai, Udal Antzerki Eskola, Unai Ormaetxea bakarrizketalaria, DanzArin, Beti Prest.
- 19:19an: Gamon Zumardian, herriko musika taldeen kontzertua.