Jeltzaleen arabera Antxon iragarritako parte hartze prozesua "elektoralista" da
Prozesuaren ondorioak "ezerezean" geratuko direla uste du EAJk.
“Herritarren benetako parte hartzearen aldeko apustua” egin behar dela iritzi diote jeltzaleek, eta horretarako herritarrei hitza gai guztietan eman behar zaila defendatu dute. “Herriari hitza eman nahi badiogu elkarrekin gure etorkizuna eraikitzeko, ezin ditugu herritarrak guk nahi ditugun gai eta momentuetan bakarrik hartu kontuan, egungo udal gobernuak egiten duen bezala” kexatu dira jeltzaleak, hondakinen gaian udal gobernu taldeak egin duen kudeaketa deitoratuz.
EAJren arabera, Antxo Eraikiz prozesua, “herritarrekin ondo geratzeko modu bat da” besterik ez da, eta “hauteskundeei begira botoak gehitu beste helbururik ez” dutela salatu dute.
Ondartxo, Proisa edo lonjarekin lotuta abian jarritako parte hartze prozesuak gogoratu dituzte jeltzaleek, eta ez dutela “ezertarako balio izan” defendatu dute, “ondorioak kaxoi batean gorde” dituztelakoan.
Pintadak eta kartelak jartzeko eremuak
Bestalde, Pasaiako kaleak “pintaketez eta kartelez josita” daudela iritzita, eta “arazoa saihestu asmoz”, haiek kokatzeko eremuak atontzeko proposatuko du EAJk hurrengo udalbatzarrean. Esan dutenez, herritarren kexei erantzun nahi diete eskaerarekin.