Frackingik gabeko udalerria izango da Errenteria-Orereta, EH Bildu, PP eta Ezker Anitzaren botoei esker
Hauteskundeak gerturatzen ari dira, eta atzoko plenoan nabaritu zen hori. Izan ere, ohikoa baino luzeagoa izan zen, hiru ordu eta erdikoa. Desadostasunak desadostasun, aho batez onartu zuten Ingurumen Aholku Kontseiluaren araudia onartzeko proposamena.
Abenduko plenoan atzera bota zuten eragileek adostu zutena, eta horregatik kontseiluan parte hartzen duten eragileek gai batzuk aldatu dituzte, aurrera atera zedin.
Ezker Anitzako bozeramale Jose Manuel Ferradasek gogorarazi zuen kontseiluarena berarena dela aldatzeko iniziatiba, eta euren “malgutasuna” eskertu zuen. PPko Chema Herzogek bat egin zuen bere hitzekin. PSE-EEko Jose Angel Rodriguezek, bere aldetik, araudi aldaketa horrela bukatu izanagatik poza azaldu zuen, “nahiz eta batzuk azkar asko joan ziren prentsarengana egia ez ziren gauzak esatera”.
EH Bilduko Luisma Diezek, bere taldeak aldeko bozka eman zuen arren, egondako kontsentsua “gezurretakoa” dela iritzi du. “Beste hainbat baldintza onartzearen truke, 3.000 euroko asignazio kaskarra jasoko dute. Diru kopuru horrekin, ez dute inor hitzaldi bat ematera ekartzeko dirurik ere”, gaineratu zuen. Oposizioko alderdiei hauteskundeetara begira egotea egotzi zien, baita gobernuak planteatzen duen orori aurre egitea ere: “Gogorarazi nahi dut troika gobernuaren kontra egiten gai honekin hasi zela”.
Publikoan zegoen Karlos Murua kontseiluko kideak hartu zuen hitza, eta EAJ eta PPren jarrera begi onez ikusi zuen. PSE-EErentzat hitz gogorrak izan zituen: “Ingurumen Aholku Kontseiluko kide zarete, baina lehenengo egunetik ari zarete boikota egiten. Busti zaitezte, parte zarete eta”. Rodriguez sozialistak erantzun zion arau batzuk daudela, “eta guk horiekin jokatzen dugu”.
Fracking gabeko udalerria
Frackingaren gaineko bi mozio aurkeztu zituzten. Bata Gipuzkoako Fracking Ez! taldeak —herriko eragile andanak babestuta— eta bestea alderdi sozialistak. Taldeko Eneko Guridik mozioa azaldu zuen, eta Oarsoaldean lizentziarik eskatu ez den arren, fracking gabeko eremu izendatzea galdegin zuen. Gainera, gogorarazi zuen 100.000 sinadura jaso dituela frackingaren kontrako herri ekimen legegileak, “suposatuko duen hondamen ekologikoagatik, eta kanpoko enpresek jasoko luketelako aberastasuna”. Herritarrei gasa jasotzeko teknika horren informazio gehiago ematea ere eskatu zuten mozioan.
Energia berriztagarrien “ia desagerpena” salatu zuen Ferradasek, eta Espainiako Gobernuak frackingaren kontra egindako adierazpen instituzionalak epaitegietara eraman izana gaitzetzi. Herzogek, berriz, bere alderdia teknika horren kontra dagoela udalerrian zein Gipuzkoan jakinarazi zuen, “ingurumena erasotzen delako”. EAJ abstenitu zen, frackinga kaltegarria dela oraindik frogatu ez delakoan. “Hori bai, herri ekimena eztabaidatu arte, lizentziak gelditzearen alde gaude”, esan zuen Maite Peña jeltzaleak. EH Bilduko Luisma Diezek New Yorkeko osasun sailaren ikerketa bati errepasoa eman zion, non fracking kaltegarria zela ondorioztatu zuten. Gainera, Espainiako Estatuan teknika hori egiten den hainbat eremutan jarduera sismikoa handitu dela aipatu zuen. PSE-EEren mozio alternatiboarekin bat EAJk eta PPk egin zuten —beste bi taldeak abstenitu ziren—, eta Fracking Ez! taldearenarekin EH Bilduk, PPk eta Ezker Anitzak. Beraz, Errenteria-Orereta fracking-ik gabeko udalerria da.
II. Errepublika
Pikoketako Jesus Gonzalez, mozioa azaltzen
Apirilaren 14an, 74 urte beteko dira Espainiako II. Errepublika onartu zela, eta Pikoketa elkarte errepublikazaleak egun horretan garai hartako bandera, eta errepublikaren alde egin zutenei aitortza egiteko mozioa aurkeztu zuen.
Ferradasek askatasuna, berdintasuna eta senidetasuna aldarrikatu zituen: “1931n gizarte haren onenak hiritar, eta ez meneko, bihurtu zituen estatu forma eraiki zuen”. PPko Herzog bozketa eta eztabaidatik atera zen, Pikoketako kide delako. Maria Angeles Bastos alderdikideak hiru koloreko bandera konstituzionala ez dela eta, testuaren kontra bozkatu zuen. Peñak, bere aldetik, esan zuen ez direla Espainiako errepublikazaleak, “baina garaia goraipatu nahi duenari ez diogu oztoporik jarriko”.
PSE-EEko Joaquin Acostak garai hartako Eibarko sozialistei omendu zituen, eta II. Errepublikak Ilustrazioaren baloreak jasotzen dituela azaldu zuen, “eta gaur egungo konstituzioan ere barneratuta daude”. Iaz ez bezala, Pikoketaren mozioaren alde bozkatu zuten. Jarrera hori txalotu zuen EH Bilduko Diezek, eta bere koalizioa monarkiaren alde “inon” ez dagoela esan zuen. “Baina gu euskal errepublikaren alde borrokatzen gara. Ipar Euskal Herriko gure anai-arrebak errepublika baten azpian bizi dira, eta ez diete euren eskubide guztiak aitortzen”, gaineratu zuen. Espainiako Estatuan bigarren trantsizio bat eskatu zuen, baita prozesu konstituziogileak —”pluralean”— ere.
Alderdi guztiek, PPko Bastosen kontrako botoa izan ezik, alde bozkatu zuten.
Tasak eta kanonak
Beste gaiei dagokienez, Errenteria Garatuzen esku zeuden kanonetan aldaketak egin zituzten, eta Errenteria Musikalek datorren ikasturterako tasak onartu zituzten. Udalaren inbentarioa ere aurrera atera zen, baita garraio publikoaren harmonizazioa ere.
Udaleko langileei produktibitate ordainsariak emateko puntua izan zen korapilatsuena. Iazko erremanentetik 500.000 mugaren barruko kopurua bideratzea proposatu zuen udal gobernu taldeak, eta 334.000 euro kalkulatu dute langileei ordaintzeko —gizarte segurantza eta aurrejubilazioak kenduta—. EAJk kopuru handiagoa eskatu zuen, baina kontzeptu horiek kontuan hartuta, muga gaindituko litzateke. Ordu eta erdiko eztabaidaren ondoren, mahai gainean geratu zen, EAJk, PSE-EEk eta PPk hala eskatuta.