Rap abeslaria da La Furia, eta horrez gain, neska gazteentzako rap feminista tailerrak ematen ditu.
“Kontzientzia feministarekin egindako rapa” egiten du La Furiak. Izen horrekin taularatzen da Nerea Loron (Cascante, Nafarroa, 1983) rap abeslaria. Egun Donostian bizi da. Musika mota hori erabiltzen du bere aktibismo feminista hedatzeko, eta beste neska batzuei euren ikuspuntuak heda ditzaten laguntzen die. Errenteria-Oreretan zein Pasaian ari da tailerrak tailerrak ematen.
No hay clemencia diskoko ia abesti guztiak ikuspuntu feministatik egin dituzu.
Bai, baina kontua da ni feminista naizela, eta hori da nire borroka. Ez dut bilatu diskoa horrelakoa izatea. Nirekin zerikusia duten gauzei buruz abesten dut. Gertatzen zaitena idazten dut, eta egunero gehien gogaitzen nauen gauza da dugun sistemaren konfigurazioa: patriarkatuan eta kapitalismoan oinarrituta dago. Natural ateratzen zait.
Telebistan-eta raparen irudi matxista saltzen dute.
Kontua da rapa egitea nahiko “erraza” dela,
Do it yourself filosofiaren barruan dago, punka bezala. Orduan, musika hori egitea nahiko eskura du jendeak. Jendartea, oro har, oso matxista da, eta hori egiten den musikan islatzen da. Niri grazia egiten dit rapa musika matxista dela nabarmentzea: indiea edo popa hor daude. Dituzten kodeak sotilagoak dira, ez dute hain hizkuntza “itsusia”, baina abesti batzuk oso sexistak dira. Artista batzuk entzunez gero,
flipatua gera zaitezke. Rapa matxista dela? Rapa ez da ezer. Bizitza gogorra dela esatea bezala da, baina gogorrak gertatzen zaizkizun gauzak dira. Musika mota guztietan eduki matxista edo sexista asko dago. Nori, zein musikari, ematen zaio oihartzun handiena? Mutilei, eta gehienak matxistak dira.
La Furia
Aldarrikatzaileagoak izan daitezkeen mezuak isilarazteagatik ematen zaie oihartzuna?
Bakoitzak jendartean betetzen duen espazioarekin du zerikusi handiagoa. Ez dut uste gainontzekoak isilarazteko denik… Nik gauza bat dut argi raparekin. 1970eko hamarkadan sortu zen Ameriketako Estatu Batuetan, beltzen komunitateetan, Harlem eta Bronx komunitateetan. Borrokorako arma zen, eta funts hori 1980ko hamarkadan mantendu zen. Gero gainbeheran joan zen, medio komertzialetan gehienbat. Zer egiten du sistema kapitalistak? Interesatzen zaion zerbait erosi, hustu eta esanahia kentzen dio, gero saltzeko. Gehien iristen zaiguna raparen zati
mainstream-ena da, eduki gutxiena duena dela, eta interes gutxiena.
Entretenimendua, finean.
Ke hutsa. Eta, bide batez, arropa marka zehatz bat eramaten badute, eta arropa hori saltzen laguntzen badute… Dena produktuak dira.
Zein osasun egoera du rap feministak?
Gero eta gehiago dagoela uste dut. Mota ezberdinak daude: neskek egindako rapa, batetik; rap aktibista, bestetik; eta, azkenik, azpitalde bat dago, rap feministarena. Gero eta kide gehiagorekin egiten dut topo, munduko edozein tokitan.
Zenbat denbora daramazu rap feminista tailerrak eamten?
Hau da bigarren ikasturtea. Orain arte hiru tailer eman ditut, eta hemendik aurrera beste hainbeste emango ditut. Zumarragan, Zigoitian (Araba), Pasaian eta Errenterian eman ditut. Neskek, tailerra bukatzean, gehiago eskatzen dute. Zumarragan hala izan da… Nik hainbat formatu eskaintzen ditut: egun bateko tailerra izan daiteke, edo hilabeteak irauten dituen ikastaroa.
Zein metodologia erabiltzen dituzue?
Teoria eta praktika bereizten ditut tailerretan. Teorian, raparen historia zein izan den aztertzen dugu, eskuragarri dagoen historia. Atentzioa ematen digun zerbait hartu, eta hortik aurrera, emakumeak agertzen diren raparen historia hartzen dugu. Hutsune handia dago hor. Bilaketa horretan, erreferente izan daitezkeenen zerrenda osatzen dugu. Emakumeontzako oso garrantzitsua da erreferenteak izatea.
Zeintzuk izan daitezke erreferenteak?
Bakoitzak bereak izan ditzake. Niretzako, rap feministarekin hasi zen Queen Latifah izan daiteke, eta gaur egungoa, ezagutzen dudan Rebeca Lane izan daitezke. Baina erreferenteek ez dute zertan izen ezagunak izan behar. Hortan datza gure tailerra: gure artean ahalduntzea, eta bata bestearen erreferente izatea. Ahizpatasuna edo
sisterhood deitzen zaiona sortzea da helburua.
Erreferenteak hartu ondoren, zer egiten duzue?
Hip-hopan erabiltzen den hiztegia zein den ikasten dugu. Adibidez,
crew edo
AKA kontzeptuak. Bigarren hori zure buruari ematen diozun izena da, eta
crew-a taldeari dagokio. Zaletasun berberak dituzten taldea da: izan daiteke abestea, dantzatzea, pintxatzea edo grafittiak egitea. Balore komunen inguruan ere batzen zara. Nik tailerreko taldeak
crew bezala sentitzen ditut: ahizpatasuna bultzatzen dugu, eta emakumeen arteko lehiakortasuna ez egotea sustatzen dugu. Kontrara: elkartasun baloreak, segurtasun eremua eta hazkunderako espazio komuna sortzea dugu helburu. Finean, rapa tresna moduan erabiltzen du ahalduntze feminista gunea sortzeko.
Rapa, orduan, ahalduntze horretarako amua da?
Batzuk kontzientzia feministagatik etortzen dira, eta beste batzuk esperimentu gisa, ez dakitelako zer den rapa, eta matxista iruditzen zaielako. Flipatu egiten dute rap eta feminismoa eskutik joan daitezkeela ikustean.
Eta praktikan zer lantzen duzue?
Niretzako prozesua da garrantzitsuena, bakoitza bere burua aurki dezan. Lehendabizi, raparen bitartez, inguruan zer dagoen aztertzen da. Gero, interesgarriak izan daitezkeen gauza ikusten ditugu, identifikagarriak direnak. Azkenik, niri zer gertatzen zaidan aztertu eta zer esan nahi dudan, eta nola. Nik adierazteko teknikak erakusten dizkiet: errimak, nola konposatzen den abesti bat… Gidoi bat ematen diet.
Ondorio bat ateratzea da garrantzitsua. Emakumeak ez gaude historiaren errelatoan egoki islatuak. Tailerrean gure erreferenteen bilaketa egiten dugu, baina hori historia osora estrapolatu daiteke. Zerbait zehatzaren historian —izan daiteke rocka, zientzia, matematika…— bilatzen badugu, ez dugu erreferenterik aurkituko. Gauzek nola funtzionatzen duten ikustea da, eta guk horren aurrean zer egin dezakegun erabakitzea. Irtenbidea ez da kontatzen diguten guztia sinistea, ezta inguruarekin nazkatzea. Zerbait eraiki behar dugu.
Noiz piztu zitzaizun kontzientzia feminista?
Zentzua dudanetik. Ama feminista da, eta bai bera baita aita ere, gizarte mugimenduei oso lotuta egon dira. Txikitatik joan izan naiz manifestazioetara, feministetara zein beste aldarrikapen sozialak egiten zituztenetara. Horretan oinarritutako hezkuntza jaso dut.
Eta noiztik zara rapzalea?
Musikarekin ere lotura handia izan dut, txikitatik. Aitak musikara bideratu nau: txikitan pianoa jotzen nuen, harekin eta amonarekin asko kantatu dut… Sehaskan nengoenetik edan dut musika. Gerora, jaso duzun horrekin, zer zaren bilatzen duzu. Etxean rapa abesten nuela esatea ez zen gustagarriena izan. Biolontxeloa jotzen nuela esan izan banien, hobeto hartuko zuten… Denborarekin, zer egiten duzun ikusten dute, eta gustatzen hasi zitzaien.
Punka izan zitekeen, baina rapa hautatu nuen, ez dakit zergatik, egia esan. Nire anaiarekin ibiltzen nintzen, eta bere lagunek hori entzuten zuten. Denbora neraman idazten, errimekin. Eta animatu egin nintzen.
No hay clemencia diskoan nabaritzen da estilo nahasketa.
Bai. Adibidez, kopla batekin hasten naiz… Lola Flores eta horiek amaren eragina dira.
Zenbat kontzertu ematen dituzu urtean?
Saiatzen naiz asko ez ematen, buruko osasunagatik batez ere, baina baita denboragatik ere. Beste gauza batzuk egitea ere dut gustuko. Kontzertuak ematen ditudanean, gustura egoten naiz. Non abestu ala ez aukeratu dezaket, puntu horretan nago. Batzuetan baldintzak ez dira onenak…
Toki askotan oso ongi zaindu naute. Eta beste batzuk inflexio puntua suposatu dute nire bizitzan. Munduko hainbat tokitako rap abeslariek parte hartzen duten jaialdietan egon izan naiz, eta esperientzia politak izan dira. Erosoen egoten naizen tokiak espazio feministak dira, publikoaren eta nire arteko ulermen handia dagoelako.
Pasa den astean Ekuadorren izan nintzen, Ekuadorreko Puten Martxak antolatutako Emputados jaialdian. Eta maiatzean Frantzian abesteko deitu naute.