Banda Bat eta Mikelazulo elkarteak zortzigarren aldiz antolatu dute dokumental zikloa
‘Sedated army crazy mirror’ filmaren fotograma.
Zortzigarren urtez jarraian, Mikelazulo eta Banda Bat elkarteek ez-fizkzioan oinarritutako Lupa dokumentalen jaialdia antolatu dute Aste Santurako. Apirilaren 2tik 5era Errenteria-Oreretako Mikelazulon, Donostiako Guardetxean zein San Telmo Museoan antolatuko dituzte emanaldiak. Sarrera doakoa izango da, eta egileek eurek aurkeztuko dituzte (ikus programazioa beherago). Guztira 22 dokumental eskainiko dituzte arratsaldetan.
Galiziako film esperimentalei eskainiko diete aurten sail bat,
Loopa: Galizia Sutan lelopean. Lupita ataldean, Orereta Ikastolako ikasleek Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa film laburra ikusiko dute. Proiekzioez gain, prozesuan dauden lanak izango dituzte hizpide. Horrela, datorren ostiralean hainbat zuzendarik euren egitasmoak azalduko dituzte Mikelazulon, 11:00etatik aurrera.
Egitaraua
Apirilak 2, osteguna (Guardetxea, 19:00etatik aurrera)
El engaño (German Scelso, 15’ 2009): Gizon bat, eta proposamen bat: Juan, Andaluziako agure batek, filmaren zuzendariari emakume bat hil dezan eskatuko dio, bere etxea erreta.
Dime quién era Sanchicorrota (Jorge Tur, 62’ 2013): Txori bat da? Hegazkin bat? Ez, Sanchicorrotaren kondaira da, XV.mendeko bidelapurraren kondaira, dirudunei lapurtzen ziena, behartsuei emateko. Bere aztarnen bilaketak eta bere oroimen galdua, historia eta mitoaren artean.
Apirilak 3, ostirala (Mikelazulon)
11:00etan: Prozesuan dauden lanak.
18:00etatik aurrera:
The Dream Factory (Mikel Zatarain, 19’ 2015): Bizitza ametsa dela diote, baina ez da hala. Alde iluna, aurpegia eta izatea Heriotzak, borrokan, bereganatu dituen elkarri ostikoka dabiltzan urrezko animaliak bailira.
Aquí nuestro presente parece suspendido (Colectivo Los Ingrávidos, 21’ 2014): 1970eko hamarkadako desagerketak, Alemania Naziaren sarraskiak, Ayotzinapako ikasleen desagerketak. Historiaren bide naturala geldirik utzi dituzten hiru gertakari, porrotezko etorkizuna iragartzen dutenak.
Las Variaciones Guernica (Guillermo G. Peydró, 26’ 2012): Picassoren
Guernica armarik gabeko zibilen aurka egindako erasoaren irudia da, populazio oso bat kikildu eta menperatzeko asmoz. Egun koadroaren irakurketa bat egin nahi badugu, kontutan hartu beharra dugu Picassoren sena, gertakari krudel hark gaur eguneko hondamenak irekitzen zituena.
20:00etatik aurrera:
Mi ideología (Luis E Parés. 12’ 2014): Zer gertatzen da ideologia mitologia bilakatzen denean?
L’esma del temps (Alexandra Garcia-Vilà, Marta González eta Marta Saleta. 53’ 2014): 2011 urtean auzo asanblada batek 3. aldiz Figaró-Montmanyko udal hauteskundeak irabazi zituen. Herriaren partaidetzarekin gobernatzen dute, zailtasun ekonomikoak eta erresistentziak parte-hartze demokrazia modelo berri honekin uztartuz.
Apirilak 4, larunbata (Mikelazulon)
18:00etatik aurrera:
Ein Land (Igone Arreitunandia. 5’ 2014). Zuzendariak familia, gizartea eta generazioen inguruko begirada nostalgiko eta autokritikoa marrazten du lehen pertsonan egindako entsegu honetan. Irudi eta soinuen uztarketaren bitartez zuzendariak bere beldur, errezelo eta irrikak azalduko ditu, irudikapen familiar eta sozialaren bidez.
Soinu galduen bila (Ainhoa eta Aitor Gametxo, 8’ 2014): Zurichera bidaiatu dut zure Erasmus egonaldiaren azken txanpan. Behin bertan nagoela, film labur batetarako falta zaizkidan soinu batzuk grabatzeko laguntza eskatu dizut. Ideia sinplea da: zuk soinu-grabagailua norantz gidatu erabaki dezakezu eta nik kamerarekin jarraituko dizut, ohiko grabaketa moduaren logika hankaz gora jarriz.
Errautsak (Askoren artean, 54’ 2014): Euskal Herriko zazpi zuzendariren taldeak izandako bulkadaren ondorioz, iragana, oraina eta etorkizuna batzen dituen sortze-prozesu batean murgiltzen dira elkarrekin. Begiradek eta ahotsek epe laburreko memoriari eta memoria pertsonal eta kolektiboari buruz hitz egin eta hausnartzen dute. Taldearen konplizitateak izenpetzen ditu zatiak eta dagokion gizarte eta garaiarekin konpromisoa hartzen duen diskurtso askearekin elkartzen dira.
20:00etatik aurrera:
Remine (Marcos M. Merino, 101’ 2014): Gobernuaren murrizketen aurka 4.000 meatzari baino gehiagok mugagabeko greba deklaratu dute. Egunero protestak eginez: errepideak ebakiaz, beren burua 700 metro lurrazpian giltzaperaturik, Madrileraino 500 kilometro ibiliaz… Baina gauzak ez dira aitzina lez… Ezta bizirik dirauen azken langile-mugimenduko pertsonak ere.
Apirilak 5, igandea (Guardetxean)
18:00etatik aurrera:
Light Shots (Juan Aizpitarte. 4’ 2014): Per Ersbordan bizi da, Umeäko auzo bat. Urte batetan zehar egindako ausazko filmaketetan bere inguruko ekitaldi garrantzitsu batzuk erakusten dizkigu, ironiaz Umeä 2014 Europar Kultur Hiriburuko eszena batzuk azaltzen dituen bitartean.
Espés (Tanit Fernández eta Isaac Rodriguez. 12’ 2014): Aragoiko Pirinioko Espes herriaren erretratu dokumentala, Espainiako beste hainbatek bezala desagertzen ari dena, 4 biztanle besterik ez baititu. Haiek beraiek azalduta, herriak jasaten duen denboraren pisua agerikoa da.
OUT (Joan Antunez. 17’ 2014): Nadal, Federer, Djokovic? Ez.
OUTen, Bartzelonako tenis txapelketa profesional batetan filmatua izan dena, protagonistak joko zelaitik kanpo daudenak dira, telebistarako ia ikusezinak direnak.
Sedated Army Crazy Mirror (Miquel Marti Freixas eta Joan Tisminetzky. 28’ 2014): Youtube-tik hartutako irudiz egindako filma, batez ere, futbol ultra eta hooligan europearren irudiekin. Dokumental experimentala da, baina baita musikala ere.
20:00etatik aurrera:
El susurro de un abedul (Diana Montenegro, 14’ 2015): Argazki bat ekarri nuen nirekin Errusiara. Argazkia nire amona Berthari atera nion azken amaren egunean. Cali (Kolonbia) nire sorterritik milaka kilometrotara, erretratuak amonari eskutitz hau idazteko lagundu dit.
África 815 (Pilar Monsell, 66’ 2014)
: Aitaren egunerokoak aztertuz Pilarrek Saharako espainiar kolonian 1964 urtean aitaren paradisu galdua aurkituko du, berriro bueltatzen saiatuko dena. Bidai guzti hauek gehiago erakusten dute atera puntuari buruz, helmugari buruz baino.
Apirilaren 2tik 4ra
San Telmo Museoan etengabe botako dituzte Galizian egindako lau film labur hauek:
Vía láctea (Xisela Franco, 4’ 2013): Madonna haurrarekin, ala esnea ematen duen amabirgina bezala, zuzendariak bere amatasunaren erretratua egin du. Haien gorputz biluzien gainean zeluloide zahar berrerabiliak, artistak eraldatu eta pintatutako materiala proiektatzen da.
La imagen arte (Lois Patiño, 18’ 2013): Su moteldu baten irudiak bere mugimenduak disekzionatzen ditu, bere forma aldakor, efimero eta txinparta anitzekoak aztertu. Sua materiarik gabeko irudia da, formarik gabeko irudia.
Sansa Soleil (Otto Roca, 7’ 2015): 2014 urteko udazkenean San Sadurniño (Koruña) herrira joan nintzen bertako eguzkia irudikatzeko asmoz. Horretarako solarigrafia erabili nuen (exposizio luzeko argazki estenipeikoa).
8 pezas (Carlos Álvarez-Ossorio, 20’ 2015): Gauza txiki, nimiño edo egunerokotan ezkutatuta urduri jartzen gaituen tentsio bat dago, gutaz eta gure munduaz oinarritik hitz egiten baitigu, erakusten digun bezainbat ezkutatzen digulako.