Jeltzaleek adierazi dutenez, 700 ekarpenetik gora jaso dituzte; pozik daude emaitzarekin
EAJk
Zure Errenteria kanpainaren balantzea egin du. Adierazi dutenez, 500 proposamen jaso dituzte etxez etxe banatutako galdetegien bitartez, eta beste 200 arbel, postontzi edo herriko eragileen bitartez. Esan dutenez, “oso pozik” daude jasotako ekarpenekin: “Eskerrak eman nahi dizkiegu herritarrei, egindako ekarpen bakoitzagatik”.
‘Zure Errenteria’-ren balantzea
Maite Peña alkategaiaren esanetan, proposamen horiek euren proiektua “aberastuko” dute. Horrela, jasotako kexa edo proposamen artean honakoak daudela jakinarazi dute: “Herritar asko kexatu dira Errenteria zikina dagoela eta kale garbiketa hobetzea eskatu digute. Asko dira aparkaleku faltagatik eta azkenaldiko trafiko aldaketengatik kexatzen direnak”. Zirutatu dute, gehienak 5 edukiontziaren alde daudela, “eta atez atekoaren kontra”. Horrez gain, kaleetan udaltzain gehiago nahi dituztela esan dute, eta goiko aldeko auzoetara irisgarritasuna hobetzea.
Ekonomia arloari dagozkion proposamenak azaldu ditu, halaber, EAJk: “Enpresei proiektu berritzaileekin laguntzea, autoenplegurako laguntzak eskaintzea edo langabetuei udal lanpostuetarako kurtso eta praktikak eskaintzea”. Ekarpen horiek guztiek euren programan “isla” izango dutela adierazi du Peñak.