'Liburuak eta II. Errepublika' erakusketa antolatu du Pikoketak
Xenpelar Etxean izango da apirilaren 14ra arte; Gabriel Celaya poetari buruzko hitzaldia egingo dute 13an
Liburuak eta II. Errepublika erakusketa antolatu du Pikoketa Oarsoaldeko elkarte errepublikazaleak. Bihar arratsaldean irekiko dute, eta Espainiako II. Errepublika ofizialki aldarrikatu zuten egunera arte, apirilaren 14ra arte, egongo da zabalik.
Xenpelar Etxean egongo den erakusketaren bitartez, herritarrei errepublikarekin zerikusia duten gaiak “hurbildu” nahi dizkiete, “batez ere II. Errepublikakoak”. “1936ko Gerrari buruzko liburuak ikus ahal izango dira, baina baita erlijioari, kulturari zein kartelgintzari buruzko gaiak. Horrez gain, maisu eta maistrek jokatu zuten paperaren gaineko hausnarketa azaleratuko dugu”, argitu du Pikoketak. Astelehenetik larunbatera ikusteko aukera egongo da, 17:00etatik 20:00etara.
Gainera, inaugurazio ekitaldirik egingo ez denez, apirilaren 13an Gabriel Celaya poetaren gaineko hitzaldia egingo dutela iragarri dute.