Oiartzungo Flauta Taldeak antolatutako bigarren jaialdian 150 flautistek hartuko dute parte; horietatik 24 oiartzuarrak izango dira.
Oiartzun Flauta Taldeko kideak
Flauta jaialdia ospatuko da bigarren urtez jarraian larunbat honetan (hilak 18), Oiartzungo Flauta Taldeak antolatuta. Aurten 23 herritako 150 flautista elkartuko dira, horietako 24 oiartzuarrak.
Goizean goiz hasiko da jaialdia eta iluntzera bitarte luzatuko da. 09:15 inguru hasiko dira iristen musikariak eta 10:00etan banaka, binaka, taldeka… udaletxeko areto nagusiko oholtzara igotzen hasiko dira, 13:15ak arte. Arratsaldean, 17:30ean, hiru pieza eskainiko dituzte parte-hartzaile guztiek:
Jesucristo Superstar,
Lijan eta
La vida es bella. Txokolate-jatea egongo da gero eta diplomak zein garaikurrak banatuko dizkiete musikariei.
Ilunabarrean, 19:30ean, Los Caballeros del Traverso hirukoteak kontzertua emango du udaletxeko areto nagusian. Egun guztian zehar, gainera, flauta erakusketa ikusgai egongo da Kontzejupean.
Berritasun gisa Herri Musikaren Txokora bisitak antolatu dituzte.
Iazko jaialdia “arrakastatsua”
Iñaki Gurruchaga Oiartzungo Flauta Taldeko zuzendariak azaldu duenez, iazko jaialdia eta lehenengoa, “arrakastatsua” izan zen eta horregatik animatu dira berriz ere antolatzera. “Jendea oso gustura gelditu zen eta ez zuen ezerk huts egin. Aurten gainera esperientzia handiagoa dugunez lasaiago egongo gara”, azaldu du.
Zuhaitz landaketa
Igandean, lau zuhaitz aldatuko dituzte Oiartzungo Flauta Taldearen basoan, lau kide berri sartu direlako taldean.