Erreformaren kontrako ikasleen manifestazioa
LOMCEren ezarpenaren kontra Lezoko Hezkuntza Topagunea sortu dute, eta datorren asteartean (hilak 21) 18:00etan Kultura aretoan egingo duen bileran parte hartzera deitu ditu herritar guztiak ezinbestekoak iruditzen zaizkiolako herritar guztien ekarpenak eta parte hartzea. Hiru helburu nagusirekin sortu dela topagunea jakinarazi dute sustatzaileek: hezkuntza inposizio orori aurre egitea, LOMCEren ezarpena ekiditea, eta hezkuntza sistema propio baten alde egitea.
Egungo hezkuntza sistemari kalte
Joan den hilabete hasieran egin zuen lehen bilera topaguneak eta bertan hezkuntza esparruko hainbat eragileek hartu zutela parte zehaztu dute: “Bertan izan ziren Lezo Herri Eskola, Lezo Institutua, Pasaia-Lezo Lizeoa eta Haur Eskolako ordezkariak, besteak beste”.
Topagunearen iritziz kalte egingo dio LOMCEren ezarpenak egun martxan dagoen hezkuntza sistemari: “Euskara hirugarren mailako ikasgai gisa sailkatuko du, errebalida azterketa batek ikasleen ibilbidea baldintzatuko du ikasturte osoko lana kontuan izan gabe, besteak beste”.
Lezoko Hezkuntza Topaguneak bat egin du horrela beste udalerrietan dagoeneko sortu diren antzeko plataformekin. Oiartzun, Irun, Zarautz, Lasarte, Urretxu, eta Eibarren martxan dira dagoeneko.
Bilerak hilero
Datorren asteko bileraren ondotik hilero biltzen jarraitzeko asmoa duela jakinarazi du hezkuntza topaguneak eta Lezon askotariko dinamikak gauzatuko dituztela gaineratu du. Informazio gehiago jaso nahi dutenentzat
Facebooken kontua eta
posta elektronikoa ditu.