Sarek antolatuta hamarnaka lagun bildu ziren atzo Esmalterian; murala egiteaz gain, dispertsioari "golak sartu" zizkioten
Sarek egindako murala
Dispertsioak suposatzen duen eskubideen urraketaren kontra ekitaldia egiten zuten atzo eguerdian Koldo Mitxelena Plazan. Sarek deituta, 11:00etan hasi ziren lehen herritarrak bertara hurbiltzen. Oihal handiaren gainean hasi ziren, pixkanaka, koloretako paper zatiak itsasten,
collage moduan egindako murala osatzeko.
Sareren ikurra osatzen ari ziren bitartean, hamarnaka lagun
golak sartzen aritu ziren bi atetan: batetik, dispertsioaren kontra, eta bestetik, Aitzol Gogorza preso gaixoaren etxeratzearen alde. Murala bukatu zutenean, 13:00etan, Dipsertsioaren liburuxkaren irakurketa publikoa egin zuten, lau hizkuntzatan: ingelesa, frantsesa, gaztelera eta euskara. Ondoren, goizean zehar egindako lanaren emaitzarekin argazkia atera, eta zintzilikatu egin zuten. Datozen egunetan murala bertan egongo dela jakinarazi dute.