«Izendapenak ongi daude, baina egindako lana da balio duena»
Errenteria-Oreretako dantza konpainiak bost izendapen jaso ditu Max Sarietarako
«Errenteria dantzaren erreferentzietako bat da Euskal Herrian»Gelajauziak-en, Nestor Basterretxearen Akelarre totema agertzen da. Nola batzen dira dantza eta eskultura bezalako diziplinak? Cescekin harremanetan ginela, OteHitzari biraka ikuskizunaren azkeneko emanaldia egin genuen Lasarte-Orian. Justu, aste hartan, Nestor Basterretxeak serie kosmogonikoa jarri zuen Batzar Nagusietan. Berak, Otehitzari biraka-n poema bat irakurtzen zuen, eta hori komentatzen ari ginen. Gainera, dantzari izan zen Basterretxea. Istorio kuriosoa du. Argentinarantz itsasontzian zihoala, gerratik ihesi, Zuberoako dantza maisu bat joaten zen ontzi berean. Hark esaten zizkion dantza pausuak marrazten zituen Basterretxeak. Bazuen dantzarako zaletasun bat. Esaten zuen serie kosmogonikoak izan zezakeela dantzan tokia. Gelajauziak proiektuan nuen burua, eta esan nion kalerako ikuskizun bat prestatzen ari ginela… Akelarre-a totem bezala jarri zitekeela ikusten genuen, gure mitologia herriko plazan, jotak… Elementu asko elkartu ziren, aipatu genion, eta oso gustura eta emozionatuta geratu zen. Lana estreinatu baino lehen, obrarako gauza pare bat diseinatu zituen. Gaixo zegoen, eta ezin izan zuen estreinaldia bertatik bertara ikusi, baina elkarrekin ikusi genuen bideoan. Oroitzapen onak ditut. Ikuskizunak kalera atera izan dituzue, ikastaroak antolatu… Dantza herritarrengana helarazteko egin duzue? Bi kontzeptu daude. Alde batetik, Kukairen hasierako ikuskizunak antzokirako ziren. Sokarekin lehen saiakera egin genuen kalerako, eta gustura geratu ginen. Ez du antzokiko erosotasun hori, baina beste gauza batzuk dauzka. Zaila da norbait teatrora joatea: jakin behar da obra dagoela, denbora atera behar da joateko, sarrera erosi behar da… Eta ezezagunaren aurrean, ez da erraza ikuskizun bat ikustera joatea. Jendeak gure ikuskizun bat lehenengo aldiz kalean ikusten du horrela. Arte eszenikoak orokorrean, eta gure lana partikularrean, hedatzeko modu bat da. 2009tik hiru obra egin ditugu kalerako. Zein da beste kontzeptua? 2008tik Errenteriako Udalarekin hitzarmena dugu, dantzaren sentsibilizaziorako. Egitarau bat finkatuta dago, herritarrei dantza iristarazteko. Urtean 20-30 ekitaldi inguru egiten ditugu. Hainbat ziklo daude: Eskolak Dantzara, ikasleekin; Herritarrak Dantzara, dantza modu ludikoan ikusita; herri dantzak; garaikideak; sortzaileekin, ikuskizunaren aurretik antolatzen ditugu topaketak… Oso ongi daramagu. Konpainiak jorratzen duen beste esparru bat da. Dantzaren boom-a al dago Errenteria-Oreretan? Boom-a baino, hemen egiten duguna, agian, beste toki batean martzianada bat izan daiteke. Herri batzuetan inork ez du dantzarik egiten. Dantza tradizionalaren bidetik, ez zait arraroa iruditzen errenteriar batek dantza egitea, edo herrian dantza ekitaldi bat egotea. Aterki orokor bat dagoela uste dut. Euskal Herriko dantza eskolarik handienetakoa dago, dantza konpainia egonkor gutxienetako bat ere hemen dago, dantza tradizionaleko profesionalak ere badaude… Dantzagunea hemen egotearena horren ondorio da. Boom-a baino, esango nuke herrian txertatuta dagoela. Hobetzeko asko dagoela? Zalantzarik gabe. Egiteko asko dagoela? Pila bat. Presentzia eta sendotasuna badago, eta Euskal Herrian gure herria bada dantzaren erreferentzia bat. Arte eszenikoen munduan ere, eta ez da kasualitatea. Ez da oraingo gauza: historikoki horrela izan da, sustraituta dago.
«‘Hazipenen pozak’ lanak Tanttakarekin egindako elkarlana islatuko du» «Ez zait arraroa iruditzen errenteriar batek dantza egitea; sustraituta dago» «Lekuona moduko bat nonbait eraiki behar bazen, hemen izan behar zuen»Dantzaguneak indarra emango al dio eszena horri? Dena ikusteko dago. Baina nire imajinarioan daukat, Lekuona moduko batek nonbait gertatu behar bazuen, hemen izan behar zuela. Eta hobe hala izatea. Sektoreari zerbitzu batzuk emango dizkio, eta horrek sektoreko jendea erakarriko du. Positiboa da. Bestalde, herriarentzako ekipamendu bat gehiago izango da. Zerbitzu zabalagoa da, baina herriak izango du bere tokia. Asmatu behar da hemen dagoena kanpotik datorrenarekin aberasten, eta aukera berriak zabaltzen. Erronka horretan denok saiatu beharko dugu. Hilabete honen bukaeran beste lan bat aurkeztuko duzue. Hazipenen pozak du izena. Tanttakarekin elkarlanean hamarkada bat generamala ospatzeko genuen pentsatuta, baina ez dugu denborarik eduki. Gogoa genuen hau egiteko. Uste dut dela Kukai eta Tanttakaren arteko elkarlana zein izan den hoberen islatzen duena. Kale edo espazio irekietara naturaltasun osoz irtengo gara. Entsegu bat kalera aterako dugu. Asteko edozein egun balitz bezala irudikatuko dugu, plano eta giro berberetatik. Elkarrekin egin ditugun lau ikuskizunei gaur egungo ikuspuntutik begiratuko diegu. Lan bat egiten hasiko bagina, zein sentsazio izango genituen islatuko ditugu. Polita izango da ikustea hamabi urte beranduago orduko gauzak nola egiten ditugun… Eboluzioa egon dela nabaritzen al da? 2002 urtean estreinatu genuen lehenengo ikuskizuna. Pertsona berberak gara, baina gauza asko aldatu dira. Dedikazioa aldatu da, adina ere… Zein emozio sortzen dizkizuten orduko lanek, zergatik egin genuen hori horrela, eta abar gogoratzea ongi egongo da. Koreografia batzuk moldatu ditugu, beste batzuetan egun dakizkigun teknikak erabili ditugu, beste batzuk bere horretan utzi… Publikoarentzat gustagarria izango dela uste dut, gainera. Nostalgiarik gabe? Gabe, gabe. Gure elkarlana bere horretan agertzen da. Entseatzera gatozenean egiten ditugun beroketak, martxan jarri eta horrelakoak islatu ditugu. Hilaren 26an estreinatuko da, Bilbon. Loraldia jaialdi berrian izango da, Guggenheimeko plazan dantzatuko dugu, 13:30etik aurrera. Leioako Umore Azokan maiatzaren 23an egingo dugu, eta maiatzaren 30ean, hemen.