EH Bildu Ugarritzek auzotarrei irekitako ekitaldia egingo du igandean
Oroimena, ospakizuna eta proposamenak jorratuko dituzte igande eguerdian, Gernika plazan
Datorren igandean, apirilaren 26an, 78 urte beteko dira Condor legioak Gernika bonbardatu zuenetik. Urteurrena aprobetxatuta, EH Bildu Ugarritzek ekitaldia antolatu du Bizkaiko hiriaren izena daraman plazan. 12:00etan hasiko da, eta hiru zatitan banatuko dute ekitaldia.
Alde batetik, oroimena landuko dute. “Azken urtetako gatazkaren sufrimenduak, oraindik presoak daudenen aurkako eraso antidemokratikoak, eta auzoan egon badauden egoera sozial larriak” aztertuko dituztela jakinarazi dute. Bestetik, “ospakizuna eta desioa” izeneko zatia egingo dute. Horrela, auzoaren baliabideak eta “harreman lasaiak” ospatuko dituzte, eta “auzo bizitza hobea” opatuko dute. Azkenik, EH Bilduk aurrera begira dituen asmoak azalduko dituzte. Auzotar guztiei irekitako ekitaldia dela nabarmendu du koalizioak.