Hautesle elkargoan bat egingo dute beste indarrekin, euren oinarri ideologikoekin bat egiten dutela ikusita
Lanean hilabete asko daramatzaten arren, gaur goizean egin du lehen agerraldi publikoa Errenteria Ahal Duguk. Udal hauteskundeei begira euren jarrera zein izango den jakinarazi dute, “herriaren parte aktibo” izan nahi dutelako. Horrela, euren hiru oinarri ideologikoak zein diren azaldu dituzte: gardentasuna, herritarren parte hartzea eta herriaren zein ingurumen eskubidea.

Errenteria Ahal Duguk Irabaziz-en alde egin du
Maiatzaren 24ean hauteskundeetan izango direla esan dute Ion Collar eta Nagore Basurtok —bakoitzak hizkuntza batean—. “Ez gara berez aurkeztuko”, esan dute, “garatzen ari garelako”. Hala ere, euren ustez “politika berriak betetzen dituen” herri iniziatibarekin —
Errenteria Irabaziz-ekin— bat egingo dutela iragarri dute. Horrela, Europako hauteskundeetan sortu zen “ilusioarekin” bat egingo dute. Izan ere, alderdiaren Hiri Kontseiluak azaroan osatutako
udAHALera ponentziarekin bat egiten dute Errenteria Irabaziz-en ezaugarriek. Hauek ziren bat egiteko baldintzak:
- Hautagai zerrendako postu guztiak herritarrek erabakitzeko irekiak behar zuten izan. Otsailaren 28an barne hautaketan hala berretsi zuten.
- Udaleko balizko itunek ezin dute arriskuan jarri “aldaketaren estrategia orokorra”, eta elkargoa osatzen dutenen aliantzak ezin zuen contra natura izan.
- Ezin zen siglen batura hutsa izan, eta hautesle elkargoa izan behar zuela.
Pasa den otsailaren 16an Errenteriako Zirkuluak onartu zuen herri iniziatibarekin bat egitea, eta Ahal Duguko partaide “aktiboenak” zerrendan joango dira —alkategaia alderdi horretakoa da—. Errenteria Irabaziz-i bozkatzeko deia luzatu dute. Bestalde, foru hauteskundeetan Ahal Dugu Euskadi izenpean joango dira, eta horiei bozkatzeko deia ere luzatu dute.
Hitzaldia, gaur
Errenteria Ahal Duguk, Equorekin batera, hitzaldia antolatu du gaur arratsalderako. Albert Bezunartea Equoko kidea izango da Reina Aretoan, 18:30etik aurrera. Krisi ekologiko eta energetikoari aurre egiteko herri iniziatibei buruz ariko da.