Zerrendako kideak ere aurkeztu ditu alderdiak, "talde dinamikoa, eraginkorra eta sendoa" dela adierazi du
Oiartzungo EAJko zerrendakideak
Segundo Garin Casares izango da Oiartzungo Eusko Alderdi Jeltzaleko zerrendaburua maiatzaren 24ko hauteskundeei begira. Alkategaiaz gain, zerrenda ere aurkeztu du. Hala, hauek dira hurrenez hurren: Iñaki Arbelaiz, Rafael Bergaretxe, Maitane Larruskain, Elene Oyarzabal, Hasier Pagadizabal, Yon Goikoetxea, Amaia Burgos, Gemma Roteta, Jon Arruti, Joseba Salaberria, Arantxa Aristizabal, Jenaro Cortajarena, Mikel Idiazabal, Juncal Aguirre eta Bartolome Borrero.
Komunikabideei bidalitako oharrean, Garin Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle, irakaskuntza eta euskara landu duen pertsona gisa aurkeztu dute, “Oiartzun hobea xede duen talde sendo eta eskarmentu duena osatu dugu eta horren buru izendatu naute”.
Bide horretatik, taldearen garrantzia nabarmendu nahi izan dute: “Talde dinamiko, eraginkor eta sendo bat osatu dugu. Oiartzunek behar eta merezi duen aldaketa eragin nahi dugu, pertsonak azkeneko xedea izanik. Udala herritarrei zabaltzea bultzatu nahi dugu, kudeaketa on bat eskainiz, gardentasunean eta hurbiltasunean oinarritzen den kudeaketa”.
Hautagai batzuk EA eta Hamaika Bat alderdietako kide izandakoak dira. Garinen hitzetan, “Eusko Alderdi Jeltzalearen bermea dakargu. Oiartzuarrak, euskaldunak, abertzaleak, demokratak, hona hemen gure taldearen ezaugarriak. Oiartzunen alde lan egiteak batzen gaitu. Herritar guztion Oiartzun bultzatu nahi dugu. Herri irekia, herritarren beharrei erantzun nahi diona, bakean, bizikidetzan eta kohesioan aurrera egin nahi duena. Horixe da gure herrikideei luzatzen diogun proposamena”