Maiatzaren Lehena izanik, Dantzari Txiki Eguna antolatu du Ereintzak; zazpi dantza talde gonbidatu dituzte
Dantzari Txiki Eguna
Ostiralean Maiatzaren Lehena da, eta langileen eguna izateaz gain, Dantzari Txiki Eguna ospatzen da Errenteria-Oreretan. Ereintza dantza taldeak antolatuko du jai eguna, Errenteria Musikal eta udalaren laguntzaz. Guztira, zortzi talde izango dira bertan. Errenteria Musikaleko 280 dantzariez gain, Murixkakoak (Lezo), Lurra (Urretxu), Aurtzaka (Beasain), Txori Txiki (Zumaia), Ttarla (Hernani), Udaberri (Tolosa) eta Amaiur (Iruñea) izango dira bertan. Guztira, 500 haur ariko dira dantzan.
Koldo Mitxelena plazan elkartuko dira, 11:00etan. Zerbait jan, eta 11:30etik aurrera herriko kaleetan zehar ibiliko dira. Ordubete beranduago, gutxi gora behera, bukatuko da desfilea Gamon Zumardian. Han dantzen erakustaldia egingo dute prestatuko duten oholtzaren gainean.
Ondoren, Errenteria-Oreretako hainbat elkarte gastronomikok prestatuko dituzte dantzarientzako bazkariak. Tripa bete ondoren, Modestorekin dantzaldia izango da Gamon Zumardian, 17:00etatik aurrera. Eguraldi txarra eginez gero, ekitaldi guztiak Galtzarabordako kiroldegian egingo dituzte.