Etxean joko du, azkenean Oiartzungo John Berkhout taldeak bihar. Kontzertu berezia izango da.
John Berkhout taldea
Birako azken kontzertua emango du bihar iluntzean John Berkhoutek. Etxean, Oiartzunen, emango dute, Bi Zaldi zaldibiarrekin batera. Elorsoro kiroldegian izango da kontzertua, 21:00etatik aurrera. Aspalditik ari dira kontzertua prestatzen eta sorpresa ugari iragarri dituzte biharko.
Duela urte eta erdi atera zenuten The Path lehenengo diskoa. Ordutik bidea egin duzue. Zer moduz joan da diskoa aurkezteko bira?
2013ko urrian atera zen diskoa merkatura. Hortik aurrera, orain arte, kontzertu asko eman ditugu Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpo.
Hainbat hiritan jo dugu, baita Espainiako musika jaialdi garrantzitsu askotan ere. Egia esan, oso pozik gaude. Gaur egun, esan behar da nahiko zaila dela musikaren industrian sartzea. Mundu horretan sartu gara, eta esperientzia oso politak ari gara bizitzen.
Harrera ona izan al duzue?
Bai, harrera ona izan da. Baina, badakizu, gero zuk ere, behin sartuta, gero eta gehiago nahi duzu. Jaialdietan jo nahi duzu, baina gero ordutegi hobeekin; areto batean ehun pertsona beharrean, 200 sartzea nahi duzu… Harrera ona izan da, bai, baina asmo asko dauzkagu handitzen jarraitzeko eta gero jende gehiagorengana iristeko.
Hasieran zaila da mota honetako musika jendearen belarrietatik sartzea, baina ongi sartu eta jendeari gustatu zaio.
Zeintzuk izan dira birako momentu gogoangarrienak? Neil Youngen aurretik jo zenuten Miarritzeko Big Festival-en…
Bai, hori uste dut gure bigarren kontzertua. Pixka bat eromena izan zen, egia esan. Miarritzen jaialdi handi batean jotzea, eszenatoki handi-handi batean, Neil Young bezalako musikari baten telonero izatea… Hori oso berezia izan zen. Gainera, oso ongi jo genuen kontzertu hartan, urduri egon arren.
Hala ere, kontzertu guztietan atera dira gauzak, onak edo txarrak izan. Beti badago zerbait: soka bat hausten dela edo dena delakoa. Duela gutxi Zaragozan jo genuen, eguerdian, eta jende pila bat zegoen. Ez zuten taldea ongi ezagutzen, baina gustura geratu ziren.
Zein jaialdi zen?
Aurten, Girando Por Salas zikloan ibili gara. Gobernuak ekitaldi kultural bat antolatzen du, eta hainbat kontzertu eskaintzen dizkizute. Horietako bat Zaragozan jotzea zen. Areto batean jo beharrean, merkatu batean aritu ginen.
Beraz, beti baduzue zerbait kuriosoa kontzertuetan. Gainera, aspaldiko lagunak zarete…
Gauza on zein txarretarako, aspaldiko —eta oso— lagun izateak baditu bere kontuak: bakoitzaren maniak zeintzuk diren badakizu, baina oso ongi moldatzen gara. Gure arteko pikeak badaude, adar jotzeak, baina oraingoz ongi konpontzen gara.
Birako azkeneko kontzertua etxean emango duzue. Lehenengo aldia izango da, ezta?
Bai, bai. Jende askok galdetzen digu ea Oiartzunen zergatik ez dugun jo. Gauza batetik edo bestetik, ez genuen aukerarik eduki. Hilabete asko dira Oiartzunen jotzea programatuta genuela. Asteak daramatzagu kontzertu hau prestatzen.
Birako, edo gure musika ibilbide txikiko, kontzerturik bereziena izango da. Sorpresaren bat egongo da. Dena, gainera, gure gustuekin bat antolatu dugu: soinu ekipoa, argiak, proiekzio bat egongo da, Ibargain Musika Eskolako umeen koro batek ere abestuko du kanta batean… Jendeari asko gustatuko zaion kontzertua izango dela uste dut.
Zein abesti joko dituzue?
Diskoko kantak, hiruzpalau berri ere, baita euskarazkoak ere.
Azkenean profetak izango zarete zuen etxean…
[Kar-kar] Jendeak, kanpoan jotzen dugunean, galdetzen digu ea nongoak garen. Donostia ondokoak garela erantzuten diegu. Flipatu egiten dute. Behin Zarautzen jo genuen, estatubatuar batekin, eta guregana etorri zen. Gurekin hitz egiten hasi, eta ‘Nor da John hemen?’ galdetu zuen. Guk erantzun genion ez zegoela John-ik bertan… Horrelakoak askotan gertatu zaizkigu.
Abesti berriak joko dituzuela esan duzu. Bigarren diskoa egitea buruan al duzue?
Agian, primizia bezala, Gabonetan sorpresa txiki bat emango dugula esan dezaket. Bigarren diskoa aurten grabatuko dugu seguraski, baina 2016ra begira izango da. Disko oso ezberdina izango da. Abesti asko prestatuta ditugu, oraindik denbora dugu egiteko. Nire ustez, jendeak sorpresa handia eramango du… Ezin dut asko aurreratu, baina bai izango dela ezberdina.
Anbizioa edo gogo hori badugu gauza berriak jorratzeko. Arriskua hori hartuko dugu. Aurreko taldearekin, Instepekin, ongi pasatzeko jotzen genuen. Orain ere, baina esan dezakegu beste jarrera bat dugula, beste helburuekin. Serioago hartu dugu.