Lehen aldiz aurkeztuko da Ion Collar (Errenteria-Orereta, 1978) hauteskundeetan. Ahal Dugu-ren Errenteriako zirkuluaren idazkari nagusia da, eta alderdi horrek babesa eman dio Errenteria Irabaziz hautesle elkargoari. Ezker Anitza, Equo eta Alternativa Republicana alderdiek zein independenteek osatzen dute zerrenda.
Alkatetza lortuz gero, zer proposatzen duzue?
Errenteria Irabaziz herri ekimenean garrantzitsuena edukia da, programa. Programa osatzeko, 15.000 galdetegi banatu genituen etxeetan, eta herritarrek beraien iradokizunak, kexak, larritasunak eta errealitateak jakinarazi zizkigun. Errenteriarrok eginiko programa parte hartzaile bat osatu eta betetzearen helburua finkatu genuen hasieratik. Zorionez erantzun asko jaso genituen, eta biztanleriak giza larrialdi plan bat osatzea beharrezkoa ikusten zuen, baita ere pertsona bere osotasunean ardatz eta oinarri izatearen beharra. Helburua argia da: krisi ekonomikoa eta murrizketa sozialek eragindako kalteak gainditzea. Pertsona eta pertsonaren duintasuna berreskuratzea lehentasuna da guretzat, alderdi edo merkatuen interesetik at. Beharrezkoa da erakundeetan bizilagunek ahotsa eta zeresana izatea, baita erakunde publikoen demokratizatzea ere.
Errenteria Irabaziz-en programa parte hartzailearen oinarri nagusiak hauek dira: langabezia eta murrizketa sozialen inguruko larrialdi plana, gardentasuna eta partaidetza erakundeetan, eta ingurumena (ekologia). Gizartean eta herrian aktiboa, gestio publiko hobearekin eta zerbitzu publikoak berriro udalaren esku uztearen aldekoa den udala proposatzen dugu. Gardenagoa eta parte hartzaileagoa den udala eta ingurumenarekin sentiberagoa dena. Ildo horretan, Oiartzun ibaia eta Arramendi parkea bizi gune dira, eta herritarrentzat berreskuratu nahi ditugu. Etxe kaleratzeen kontrako udala eta gobernariak izango gara. Genero berdintasunaren alde, elkarbizitza eta bakearen alde, gazteriaren alde, kulturaren alde, euskararen alde, eta hezkuntza publikoaren alde egingo dugu lan, baina bereziki herriak bere osotasunean duintasuna berreskuratzeko lan egingo dugu.
Lekuonako eraikinarekiko zein jarrera duzue?
Proiektuak orokorrean ulertzeko, aurretik kontzeptuak geureganatu behar ditugu. Horrela izanda, berez, kultura bi mailatan aztertu behar dugu. Alde batetik, herri nortasunaren seinale bezala eta, bestetik, kultura sektore industrial eta ekonomiko bezala, garapenean eta gorantzan dagoen sektore bezala, non lanpostu zuzen eta zeharkako asko sor daitezkeen. Beraz, kulturaren sektorean baliabide teknikoak, sozialak eta ekonomikoak indartzea komenigarria litzake.
Lekuonako eraikina, diziplina anitzeko areto bezala ikusten dugu, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak bultzatutako “Sorkuntza Fabriken” kontzeptuen barruko proiektu orokorra. Egoitza eraikitzen ari diren bitartean, edukian ere “eraiki” behar da. Edukiak egoki landu behar dira, beraien diseinu eta planifikazioari udal kudeaketa egoki eta primerakoa ematen bazaio, proiektua interesgarria eta arrakastatsua izan daiteke. Edukiak berdintasunean eta elkarlanean landu behar dira; hau da, herri mailan zein nazioartean, arlo amateurrean eta profesionalean, eraikinean denek toki izan behar baitute. Hori izango da Lekuonako eraikinaren eta Errenteriaren arrakasta kanpora begira.
Duela gutxi jarri zen bosgarren edukiontzia. Zer iruditzen zaio Irabaziz-i? Zein da zuentzat sistemarik egokiena?
Errenteria Irabaziz-ek Errenteria errenteriarrontzat irabazi nahi du. Horregatik ingurumenarekiko sentiberagoa den herri bat bultzatzen dugu, herritarron konpromisoarekin. Hala izanda, 2016rako eskatzen den %60ko birziklatze tasa lortzea eta gainditzearen erronka dugu.
Guztiok txipa aldatu behar dugu. Zaborraren kultura utzi eta birziklatzearen kulturan murgildu behar gara, beharrezkoa baita 2016rako Europatik bidalitako araudia betetzea —%60ko birziklatze tasa lortzera behartuta gaude—. Lan asko egina dago, eta Ingurumen Aholku Batzordeko hondakinen taldearen proposamenak gure programan barneratu ditugu, hauek bete daitezen.
Hondakinen gaikako bilketa bultzatuko dugu bai herrigunean, baita industriaguneetan ere. Sentsibilitate kanpainak antolatuko ditugu, edukiontzien berrantolaketa aurrera eramango dugu —gaur egun berdeak direnak errefusa jasoko duten grisengatik aldatu—. Horrez gain, konpostaje guneekin, zein paper, beira eta ontzien edukiontziekin, %60ko tasa gainditzea lortuko dugu . Bildu, Itzuli eta Berrerabili sistema bultzatzearen oso aldekoak gara ere.
Proposamen hauekin eta San Markoko transferentzia zentroaren itxierarekin batera, Errenteria berde eta ekologikoagoa izatea lortuko dugu.
Duela bi urte bakegintzan oso sonatua izan zen Eraikiz zinema zikloa egin zen. Talde politiko guztiek hartu zuten parte. Antzeko proposamenik —edo berririk— egiteko asmorik ba al duzue? Elkarbizitza landuko al duzue?
Litekeena da Eraikiz-en arrakasta edo oihartzunaren kontzientzia ez izatea herri mailan. Egun haietan Madrilen nenbilen lanean, eta Eraikiz Zikloaren berri jakin nuen. Hasieratik ideia paregabea iruditu zitzaidan bakegintza eta elkarbizitzarako iniziatiba hura antolatzea. Madrilen, hurrengo egunean bi hedabide nagusien azala izan zen. Errenteriar batentzat Madrilen halako notizia jasotzea primerakoa izan zen. Azkenean Errenteriaz hitz egiten zen elkarbizitza eta bake prozesuaren adibide edo erreferente bezala. Pentsa dezagun, historikoki eta politikoki, Errenteria plaza garrantzitsua eta ezaguna izan dela. Seguruenik denok nahi ez genukeen gaiengatik. Azkenean estigma edo etiketa hori erortzen hasi zen. Eraikiz bezalako ekimenak beharrezkoak dira eta maiztasunez antolatu behar dira, alderdi guztien adostasunarekin eta elkarlanarekin. Bide ona iruditzen zait kultura edota artearen bidezko ekintzekin egitea, samurtasun handiagoz bake prozesuan eta elkarbizitzan murgiltzeko. Eraikiz-ekin bidea ireki zen eta alderdi guztien artean jarraipena eman behar zaio prozesuari. Puntualki egindako ekintzek badute ekarpena, baina maiztasun handiagoarekin landu beharreko bidea eta ekimenak dira. Badago zer esan, edukiak ere, eta testigantzak, baliabideak eta batez ere gogoa. Errenteriak eta errenteriarrok asko dugu esateko eta kontatzeko prozesu honetan.