PPko zerrendaburua izango da, bigarren aldiz, Chema Herzog egungo bozeramale popularra
Lehen agintaldia betetzear du Chema Herzogek (Donostia, 1955). Alderdi popularrak izan dituen bi zinegotzietako bat izan da —Maria Angeles Bastosekin batera—, eta bozeramale lanak egin ditu. Aurten ere PPren plantxako lehen bi postuak beteko dituzte Herzog eta Bastosek.
Alkatetza lortzekotan, zein lan ildo izango dituzue?
Alkatetza eskuratzen badugu, azpiegitura
ikusezinekin arduratuko gara: estolderia, argiteria eta hornikuntza. Gure hitz gogokoenak segurtasuna eta saneamendua dira. Sorpresarik ez egoteko oinarri finkoak jarri nahi ditugu: ura, zirkuitulaburrak, bideko zuloak eta, orokorrean, ingurumena. Udaleko sailak homogeneizatuko ditugu, dagoen kaos puntua arautuz. Zerbitzu publikoen jarrera eta protokolorako gidaliburuak argitaratuko ditugu. Horrez gain, leihatila bakarra jarri nahi dugu: Herritarrentzako Arreta Zerbitzua.
Zein jarrera duzue Lekuona bezalako proiektuen aurrean?
Lekuona eraikinak
Dantzagunea marka du jada. Martxan dauden —eta dirutza kostatzen duten— proiektuak ez ditugu ez geldituko ezta atzera botako ere. Ez dugu burutazio faraonikorik izango, baina mantenua negoziatzeko orduan, gogor jokatuko dugu: Gipuzkoa mailako zerbitzu bat baldin bada, Foru Aldundiaren esku egon behar du, eta ez Errenterian zergak ordaintzen dituztenen gain. Udalaren dirua udalerri mailako erabilera izango duten zerbitzuetan inbertituko dugu, izan puntuala edo ohikoa.
Duela gutxi bosgarren edukiontzia jarri zuen udalak. Sistema egokia iruditzen zaizue?
Alderdi popularrak bosgarren edukiontzia proposatu du toki guztietan. Europako Batasunak ezarritako zuzentaraua bete nahi dugu, eta birziklatzeko herritarrek egiten duten esfortzua bere helmugara irits dadila. Alegia, inork ez dezala pikutara bidali gure bizilagunek adierazi duten borondate ona, zaborra nahastuz edo gure konposta zabortegi batera botaz. Hondakinak nora joango diren informatuko dugu, gardenak izango gara, eta nora eta zergatik joan diren azalduko dugu. Euren zaborra ekartzen duten kanpotarrekin gogorrak izango gara, hondakinen partzuergoari tona bakoitzeko ordaintzen baitiogu. Errenterian beste tokietako zaborra uztea, argi eta garbi, zergak ordaintzen dituen herritarrari lapurtzea da.
Orain dela bi urte Eraikiz zikloa egin zen. Antzeko esperientziaren baten alde egingo zenukete? Zer proposatzen duzue elkarbizitzaren arloan?
Guri, Eraikiz zikloarekin, eskua luzatu ziguten, eta guk ere luzatu beharko genuke ahal den neurrian behintzat. Alkatetza lortuz gero, edo Udal Gobernu Taldean bagaude, ez dugu egindakoa ahaztuko eta gure iniziatiba abiaraziko dugu ahal den elkarbizitzarik onena lantzeko. Beti zentzu horretan landuko dugu. Gizalegezko jendeari leial izan nahi diogu. Ez dugu interes zekenik onartuko. Behar morala da.