Ekitaldia egin dute ahaldungaiak eta Andoni Ortuzar EBBko buruak; zahartzarorako planak aurkeztu dituzte
Ekitaldia egin dute arratsaldean Markel Olano Gipuzkoako ahaldungai jeltzaleak eta Andoni Ortuzar EAJko Euskadi Buru Batzarreko presidenteak. Oarsoaldeko hautagai eta militanteez inguratuta egin dute agerraldia, Herriko Plazan.
Ortuzar, Olano eta Peña, besteak beste
EAJ herriz herri ari da bere proposamen zehatzak aurkezten, eta gaur zahartzaroari dagozkienak zehaztu ditu Olanok. Lehenik eta behin, nabarmendu du “altxorra” dagoela Gipuzkoan, eta altxor hori hirugarren sektorea dela. “Zaintza lantzen duten elkarte eta erakundeekin elkarlana bultzatuko dugu, eta foro bat sortuko dugu eurekin”, esan du ahaldungaiak. Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundian agintzekotan, udalekin harremana sakonduko dutela adierazi du.
Zaharren egoitzetako arreta “duina” dela esan du, baina “ospitale kutsua” dutela tamaldu du: “Ikerketa ez dago hedatuta, eta zahartzaroari dagokion erreferentziazko ikerketa zentro bat sortuko dugu. Horko aurrerapenak gainontzeko zentroetara zabalduko ditugu”. Gainera, aldundiak sortutako Kabia proiektua —udalen esku zeuden zaharren etxeak aldundiak kudeatzen ditu— begi onez ikusten du, baina ez zaio bidezkoa iruditzen gizarte zerbitzu guztiak publiko egitea.
“Aldaketa dago jokoan”
Jeltzaleen ahaldungaiak esan du Gipuzkoan “aldaketa jokoan” dagoela, eta ezker abertzalearen politikak “zaharkituta” daudela. “Gu gara alternatiba bakarra”, gaineratu du, “eta ezin dugu boza barreiatu. Aldaketarako botoak EAJn fokalizatu behar dira”. Horregatik, gipuzkoarrei dei egin die datorren igandean “mobilizazio handia” egin dezaten, “aldaketa nahi badute”.
Ildo beretik mintzatu da Ortuzar. Gipuzkoa, jeltzaleentzat, “lehentasunen artean lehentasuna” dela jakinarazi du, eta herritarrek “aldaketaren beharra” dutela uste du. Berak ere mobilizaziorako deialdia egin du, bi ereduren artean: “Alde batetik, inposizioa, atez atekoa eta agintekeriaren eredua dago. Bilduren eredu kaskarra da hori. Bestetik, akordioena, baietzarena, jendearekiko hurbiltasunarena eta partaidetzarena daude. Hori da EAJrena”.