Hitzaldia eta saioa, Xenpelar Bertso Eskolaren ostiralerako plana
Beñat Gaztelumendik sorkuntzari buruzko hitzaldia emango du arratsaldean; gauean bertso saioa egongo da Arkaitzan
Plan bikoitza antolatu du Xenpelar Bertso Eskolak ostiralerako. Arratsaldean Beñat Gaztelumendi bertsolariak hitzaldia emango du eskolaren egoitzan —Lau Haizetara-ren egoitzan dago—, eta sorkuntzak garapen pertsonalerako duen balioa izango du hizpide. 19:00etan hasiko da.
Afaldu eta gero, 22:30ean, bertso saioa izango da Errenteria-Oreretako bertsolaritzaren gotorlekuan: Arkaitza taberna. Gaztelumendiz gain, Alaia Martin, Arkaitz Oiartzabal Xamoa eta Iñigo Mantzisidor Mantxi bertsolariak ariko dira. Gaiak Kepa Isasik jarriko ditu.