Oiartzungo Udalari arrazoia eman dio Euskadiko Auzitegi Gorenak, Banco Santanderrek auzibidetan jarri eta gero. Bi urte eta gero, auzitegiaren ebazpen horrekin auzia bukatu da
Oiartzungo udaletxea
Oiartzungo Udalari arrazoia eman dio Euskadiko Auzitegi Gorenak, Banco Santanderrek auzibidetan jarri eta gero. Bi urte eta gero, auzitegiaren ebazpen horrekin auzia bukatu da, bankuak ezin baitu beste errekurtsorik jarri. Are gehiago, Banco Santanderrek 111.000 euro baino gehiago ordaindu beharko dizkio udalari.
Bost milioi euro erreklamatzen zizkion bankuak udalari, Martin Beramendi alkate izan zen garaian Arau Subsidiarioetan Altzibarren gaizki klasifikatutako lur batzuen ondorioz izan dituzten galerak konpentsatzeko.
Altzibarko ALT-3 eremuko lurrak (hiri lur gisa klasifikatuak) gaizki klasifikatuak zeudela ebatzi zuten epaitegiek, partikular batek jarritako erreklamazioa aintzat hartuz. Brues enpresa zen lur horien jabea eta bankuak mailegua egina zion enpresa horri.
Aipatu eremua landa-lur eremu izatera pasatu zen eta balorea jaitsi egin zen, hala, balio galera hori berdintzea erreklamatu zion udalari, balore horretako beste ondasunen bat bankuari emanez edo dirutan, 4.919.221,98 Banco Santanderren arabera.
Udalak erreklamazioa ukatuta, auzibidean jarri zuen udala bankuak. Donostiako Epaitegiak udalari arrazoia eman zion 2014ko irailean; hori horrela, Euskadiko Auzitegi Gorenera jo zuen bankuak. Auzitegiak, baina, Donostiako Epaitegiaren erabakia berretsi du.
“Gaizki egindako kudeaketa”
Udalak adierazi duenez, “Beramendiren taldeak gaizki klasifikatu zituen lurretan, besteak beste, 103 etxebizitza eraikitzeko aukera eta saihesbide bat kontenplatzen ziren. Teknikariek klasifikazioa ez zela zuzena bazioten ere, Beramendiren alkatetzak ez zuen kasurik egin”.
Udala “arrisku larrian” jarri duela nabarmendu du: “Udala Banco Santanderri 5 milioi € ordaintzera behartu izan balute epaitegiek, egoera ekonomiko larrian geratuko zatekeen udalerria”.
Gerorako bi legegintzaldietan Arau Subsidiarioen berrikusketan 2007an planteatutako gehiegikeriak zuzentzeko ahalegin izugarria egin dela azaldu du udalak.
“Banco Santanderrekin izandako auzi honek, 2003-2007 legegintzaldian Beramendi buru zuen udal taldeak gaizki egindako kudeaketa begibistan uzteaz eta Udalari ezarritako arrisku ekonomikoaz gain, Oiartzungo Udalak salatu nahi du Beramendiren taldeak gaizki egindako sailkapen honek Udalean sortu duen denbora- eta lan-karga handia”, nabarmendu nahi izan du.