Pasaia hobeago bat eraiki, enplegua sustatu, ekonomia suspertu eta pasaitarren ongizatea eta bizi kalitatea bermatu. Horiexek izango dira EAJren lehentasunak datorren legegintzaldirako.
Hala adierazi dute jeltzaleek udal hauteskundeetan lortutako babesa eskertzeko hedabideetara igorritako prentsa oharrean. “Talde osoaren izenean eskerrik beroenak eman nahi dizkiet bozkatu gaituzten 2001 pasaitarrei”, esan du jeltzaleen buru Nahikari Oterminek, eta “Pasaia eta pasaitarren alde lan egiteko konpromisoa” berretsi du.
Oterminen aburuz, hauteskundeen emaitzetan argi ikusi da herritarrak ez zeudela “EH Bilduren kudeaketarekin eta gobernatzeko ereduarekin pozik”, eta horregatik aldaketaren aldeko hautua egin dutela defendatu du Oterminek, “alderdi politikoen indar eta udal ordezkaritzan aldaketa sakona” eraginez.
Azkenik, hauteskunde kanpaina bitartean jasotako ekarpenak udaletxean proposamenak egiterakoan kontuan izango dituztela iragarri du.