
Isabel Mancebo Baldaren ilustrazioa
Birziklapena eta berrerabiltzea. Azken urteetan bolo-bolo dabiltzan kontzeptuak dira. Bada, etxean zein lantokietan sortzen diren hondakinen berrerabilpenaren adibideak ikusteko aukera egongo da gaurtik aurrera Xenpelar Etxean.
Idoia Elosegik, Ainhoa Mujikak eta Paleikek —Jesus Rivas eta Idurre Ugaldek— hiru alde, hiru giroko, erakusketa egin dute. 100% Birzikled du izena. Bakoitzak bere espezialitatea landu du, lehengai ezberdinekin: egurrezko paleak Paleikek, egunkarietako papera Mujikak eta bizikleta zaharrak Elosegik. Bakoitzak bere diziplina lantzen du, baina aspaldiko lagunak direnez —Arte Ederretako fakultatean elkarrekin ibili ziren—, erakusketa bakarra egitea erabaki dute.
Hiru urte inguru darama Paleikek martxan. «Dagoen bezala hartzen ditugu», esan du Ugaldek, «eta material hori beste zerbaitetan bihurtzen dugu. Eraldatu egiten dugu». Paleikeren altzari horiekin gogoratu zen paperezko saskiak —eta beste— egiten dituen Mujika. «Nire paperezko piezatxoak euren altzarien osagarri izan zitezkeela pentsatu nuen. Horrela hasi ginen, altzarien neurrira egindako saskiekin eta abar», esan dute.
Urteak ziren ez zutela elkarrekin lanik egiten, eta altzari eta piezen osagarritasun horri hirugarren elementu bat gehitu nahi izan diote. «Argiarekin harremana zuen zerbait sartu nahi genuen. Hiru giro ezberdin sortu nahi genituen erakusketan», azaldu du Ugaldek. Elosegik bizikleten gurpilak erabili ditu lanparak egiteko.
Diseinuari, garrantzia
Ugaldek argitu duenez, Paleiken berari gustatzen zaizkion gauzak lantzen ditu: bolumenak, diseinua, formak… Horrez gain, fakultate garaitik gustatu izan zaio besteek botatzen zutenaren bila aritzea. «Beti erakarri izan digu botata dagoen hori eskuratu eta aldatzea», esan du Ugaldek. «Ez dugu altzarigintza ikasi, eta jolas bezala hartu dugu», gaineratu du.
Mujika, berriz, azokaz azoka ibiltzen da berak egindako eskulanak saltzen. «Tamaina txikiko gauzak egiten ditut, gero saldu ahal izateko. Baina buruan beste gauza batzuk dituzu, egitea gustatuko litzaizukeenak. Erakusketa baliatu dut horiek egiteko, plazerragatik», azaldu du. Hori bai, zehaztu du diseinua kontuan hartu duela, eta zaindu dutela: «Edozer gauzak ez du balio».
Erabilera bukatu zaien objektuak birziklatzea modan dagoen arren, Ugalde bat dator ezin dela edozer egin: «Toki askotan paleak erabiltzen dituzte, eta agian joaten zara eta galtzerdi bat kateatzen zaizu [kar-kar]. Kontua da pale hori hartu behar duzula, eta ikusi nolakoa den. Egurrak onddoren bat baldin badu, ezin duzu erabili, eta kendu behar diozu. Gainera, egurrak duen kolorearekin jokatu behar duzu, iltzeen zuloen kokapenarekin, zigiluekin…». Bere esanetan, lan gehiena suposatzen duena egurra garbitzea eta egokitzea izan ohi da.
Mujikaren ustez, edozein obra material birziklatuarekin egiteak «balio erantsia» ematen duela dirudi, baina ez da horrela, gauzak «ongi» egin behar direlako. Hein berean euren lana aldarrikatu du, eta lan guztiak egiteko materiala %100 birziklatuta daudela esan du. Berak, egunkariak erabiltzeaz gain, propagandako paperak ere erabiltzen ditu.
Ekainaren 13ra arte
Elosegik, Mujikak eta Paleikek egindako lanak bertatik bertara ikusteko aukera egongo da datozen bi asteetan. Erakusketa zabaltzeko ekitaldia gaur arratsaldean egingo dute, 19:00etatik aurrera. Bertan luntx txiki bat egingo dute.
Erakusketa astelehenetik larunbatera egongo da irekita, 17:00etatik 20:00etara. Ekainaren 13ra arte egongo zabalik.