
PSE-EEk hauteskundeetara aurkeztutako plantxa
Errenteriako PSE-EEk eskerrak eman dizkiete eurei konfiantza ematen dieten herritarrei, “udalean kudeaketa eta politiken aldaketa nahi dutela erakutsi dutelako”. Sozialistek esan dute euren emaitzak “onak” izan direla, “eta goraka” doazela. “Hautagaitzek lortutako emaitzek argi eta garbi utzi dute Errenteriak aldaketa nahi duela”, gaineratu dute.
Ildo horretan, PSE-EEk adierazi du zilegitasuna dutela udal gobernu “arrazoizkoagoa eta pluralagoa” bilatzeko Horrela, jakinarazi dute proiektu eta ideiak batu nahi dituztela “egonkortasun politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala bermatuko dituen gobernua osatzeko”. Iragarri dute aldaketarik ez dutela oztopatuko, eta EH Bildu ez diren beste talde politikoei eskua luzatzen dietela.
Errenteria-Orereta “garbiagoa eta, pintaketa eta pankartarik gabekoa” nahi dutela adierazi dute sozialistek, baita ere “solidarioagoa, hiri mantenua zainduko duena berdeagoa, formatuagoa eta enpresarialagoa”. Nahi gehiago zerrendatu dituzte: errespetua, tolerantzia, gardentasuna, kontsentsua eta akordioak. Lerro gorriak ere markatu dituzte: “Ez ditugu onartuko dekretu eta inposizio bidez agintzea, udalbatzarretan onartutakoa ez betetzea, herritarren zati batentzako bakarrik agintzea, edo gastu arraroak edo behar ez diren proiektuak”.
Sozialistek proiektu “serio, frogatutako esperientzia eta hiri jasangarri baten aldeko eredua” dutela adierazi dute, eta hori herritarren zerbitzura jarriko dutela zehaztu dute, “elkarrizketan oinarritutako kontsentsuak lortzeko”. Elkarrizketarako eta erantzukizunerako deia egin dute, “herritarrek hautetsontzietan eskatutako aldaketa gauzatu dadin”.