Udaltzaingoaren eredu berriak "emaitza onak" eman dituela esan du udalak
Udaltzaingoaren jarduera memoria aurkeztu dute, eta %55 baino gehiago igo dira prebentzio jarduerak
Udaltzaingoaren 2014ko jarduera memoria ezagutarazi du Errenteriako Udalak, eta datuen arabera, prebentzioa sustatzeak herritarren hainbat ohitura aldatu eta trafiko zehapenen datuak moldatu dituela esan dute. Horrela, iaz 8.181 prebentzio jarduera izan ziren, Auzozain auzoetako udaltzainen eredua ezarri baino %55 gehiago. “Eredu berriak sustatutako proaktibotasunak emaitza onak izan ditu”, esan dute udalak.
Trafikoa zaintzeko jarduerak %100 igo ziren iaz, eta guztira 1.786 izan ziren. Beste hainbeste igo da intzidentzien kopurua, 2.581eraino iritsiz. Hala ere, proaktibotasunaren emaitzarik “positiboenak” trafiko arauen haustean dago: %90 murriztu dira trafiko segurtasunaren delituak.
TAO salaketek behera egin dute. Horrela, iaz 4.316 izan ziren, eta 2009arekin konparatuz, %48 jaitsi dira. Gaizki aparkatzearen ondorioz jarritako salaketek behera egin dute, %62 gutxituz. Zirkulazio delituen kasuan ere, 827tik 476ra jaitsi dira. Garabiak ere lan gutxiago izan du: irizpideak aldatu ditu udalak, eta inguruan duen eraginaren arabera kentzen dituzte autoak. Ildo horretan, 2.766dik 1.206ra jaitsi dira.
Denak ez du behera egin. Gaitasun murriztua dutenentzako aparkalekuetan baimenik gabe aparkatu dutenak 136tik 211ra pasatu dira. Gainera, iruzurra zirelakoan, hemeretzi txartel kendu dituzte.
Horrekin guztiarekin, udalak uste du prebentzioa eta proaktibotasuna sustatzen duen Auzozain polizia eredu berriarekin, kalitatea hobetu eta herritarrengana hurbiltzen direla. Gainera, herritarrak kontzientziatzea eta istripu tasak eta zehapenak murriztea dute helburu.