Txerrimuño etxe okupatua
Teilatua konpondu nahi dute eta horretarako diru apur bat lortzeko festa antolatu dute Txerrimuñon larunbaterako. Teilatu festaren barruan egitarau zabala antolatu dute gainera, egun osokoa. txerrimuño azokak emango dio hasiera teilatu festari eta bertan 11:00etatik aurrera baratze taldearen merkatua izango da. Horrekin batera, marrazki tailerra, zanpantzarrak eta serigrafia lantzeko aukera izango da. Ordubete beranduago emango diote jaiari hasiera ofiziala eta 12:30ean, txontxongiloek hartuko dute txanda Harrizopa lanarekin.
Teila bazkaria
Pintxo pote taldearen eskutik tapa bermuterako aukera ere izango da larunbatean Lezon, eta 14:30ean teila bazkaria egingo dute Txerrimuñon. Bazkariari dagokionean barazkijaleei begirako menua eta orojaleei begirakoa izango direla aukeran zehaztu dute antolatzaileek. Helduek 12 euro ordaindu beharko dituzte eta haurrek 5, eta tiketak berriz Tiñelu, Azkena eta Jaizkibel tabernetan eros daitezke eta ostiralean bertan Txerrimuñoko pintxo potean.
Bazkalostean haur jolasak izango dira nagusi eta 17:00etan Txerri Mignon performancea egingo du Gantxe Tino productions-ek. jai giroa ez da ordea Txerrimuñora mugatuko, izan ere herri poteoa ere antolatu dute, eta ez nolanahikoa, elektro txaranga izango baitute lagun bidean.
Anai Arrebak taldeak ere izango du presentzia Txerrimuñoren Teilatu festan eta haiek amaituta sobrafai luntxa antolatu dute etxean bertan. 22.30etik aurrera DJ Set Bastards fron a Basquet izango da oholtza gainean jaialdia amaitzeko.