Konstantzia Musika Bandaren kontzertua, Itsas Mendiren musika jardunaldien azkena
Bihar Irungo Ametsa Gazte Abesbatzak kantatuko du San Joan Bataiatzailearen elizan
Itsas Mendik antolatutako XXV. musika jardunaldiak igandean bukatuko dira, Donibaneko Konstantzia Musika Bandak, 13:00etan herriko plazan eskainiko duen kontzertuarekin.
1818. urtean sortua, banden artean zaharrenetarikoa da sanjuandarra. Igandean, Ramontxo Vegaren zuzendaritzapean, bost pieza interpretatuko dituzte: El tío canillitas (R. Dorado); John Williams In Concert (J. Nowak); Fantasia Vasca.(J. Rodoreda); Sinatra In Concert (P. Lavender); Bolero Medley (Herrikoia).
Aurretik, baina, Irungo Ametsa Gazte Abesbatzaren txanda izango da. Bihar kantatuko dute elizan, 20:15ean . Jon Aizpuruk zuzenduko du koroa, eta hamaika kanta abestuko dituzte, tartean, Mikel Laboaren Martxa baten lehen notak, edota Mikaren Happy ending.
