Jaio aurretik fetua hiru dimentsiotan ikusi, ukitu eta sentitzeko aukera eskaintzen du Baby 3D Print enpresak.
Isabel Mancebo Baldaren ilustrazioa
Jaio aurretik, amaren sabelean dagoela, fetuaren erreprodukzioa ukitu, ikusi eta sentitzeko aukera dute haurdun dauden bikoteek. Izan ere, umekiaren hiru dimentsiotako erreprodukzioa eskura dezakete Baby 3D Print enpresa eta Askabide klinikari esker joan den urteko irailaz geroztik. Enpresa horren arduradunetako bat da Igor Elberdin oreretarra. Azaldu duenez, orain hiru urte hasi ziren gaiaren gainean lanean. Itsua zen eta ama izan behar zuen emakumea harremanetan jarri zen Askabide klinikarekin.
Ekografietan ezin zuen fetua ikusi, eta ukimen bidez seme-alaba izango zuena ezagutzeko aukerarik ba ote zegoen galdetu zien. Ezetz erantzun zioten, saiakera asko egin badira ere mundu mailan, ez zelako halako zerbitzurik.
Handik abiatuta, lanari ekin zioten Elberdinek eta Baby 3D Print enpresa sortu zuen beste kideak. Baita lortu ere. Orain hiru urte deitu zuen emakume itsuari ezin izan zioten zerbitzua eman, baina egoera berean diren emakumeei, zein itsu izan gabe euren fetuaren erreprodukzioa izan nahi duen edozein bikoteri erantzuten diote egun.
Askotariko materialak
Elberdinek sortutako enpresa da fetuen hiru dimentsioetako erreprodukzioak egiten duen bakarra munduan. Harrera oso ona izaten ari omen da, gainera, bai Euskal Herrian zein mundu mailan: «Mundu mailako klinika ugarirentzat ari gara lanean. 3D erreprodukzioa nahi duen EEBBetako bikoteak bertako klinikan egiten du ekografia, eta posta elektroniko bidez bidaltzen digute. Guk, bertan inprimatzen dugu erreprodukzioa eta helarazten diegu. Beste aukera bat, klinikak berak inprimagailua izatea da, eta orduan guk artxibo inprimagarria prestatu eta bidaltzen diegu, bertan egin dezaten. Aste honetan Venezuelako emakume itsu baten eskaera jaso dugu. Jaio aurretik ezagutu nahi du haurra, eta izugarria da horretarako aukera izatea».
Mundu mailan bezeroak bai, baina hurbilean ere badituzte, eta arrazoi ezberdinengatik haiengana jotzen dutenak gainera, «itsuek fetoa ezagutzeko aukera izan zezaten sortutako zerbitzua, oroitzapenerako elementu bihurtu da beste bikote batzuentzat».
3D inpresioaren oinarria ekografia da. 120 euro ordainduta ginekologoak diagnostikoa egingo du eta 3D zein 4D erreportajea jasoko dute gurasoek. Ondoren egingo dute inpresioa ekografia oinarri hartuta. Zortzi material daude aukeran inpresioa aukeratzerakoan, eta salneurriak horren araberakoak dira: «80 euro balio ditu inpresio merkeenak, eta 200 garestienak. Materialei dagokienez, berriz, PLA, flex, Paint, egurra, letoia, kobrea, brontzea eta hq ditugu. Merkeena lehena litzateke, eta garestiena azkena». Erreprodukzioa, berriz, 24 eta 48 orduren buruan jasoko lukete gurasoek.
Sustapen lanean buru-belarri dabil orain enpresa, eta horren harira, kanpaina berezia abiatuko du epe laburrean Elberdinek iragarri duenez: «Hilabete batez Askabiden 120 euroko ekografia egiten dutenek 3D inpresiorik merkeena jasoko dute opari».
Hurbilagotik ikusi eta inpresioak ukitu nahi dituztenek badute horretarako aukera Askabideren Donostiako klinikan, erakusketa baitute bertan.