Eguerdian erakustaldia egingo dute, baina festa arratsaldean lehertuko da, 18:00etatik aurrera.
Alkartasuna Dantza taldeak antolatuta. XXII. Sagardo Jaia ospatuko dute bihar Pasai Antxon. 12:00etatik aurrera sagardoa egiteko prozesuaren erakustaldia izango da Gure Zumardian, eta baita hainbat sagar zuku dastatzeko aukera ere.
Festa nagusia, ordea, 18:00etatik aurrera izango da. Ordu erdi lehenago hasiko dira edalontziak saltzen, eta ondoren sagardoa zerbitzatzearekin bat, pintxoak, sardina erreak, eta herritarrek postre lehiaketara aurkeztutakoak zerbitzatuko dituzte.
Jaixkipe txarangak girotuko ditu herriko kaleak sagardoaren festak irauten duen bitartean, eta ondoren, Gazte Asanbladak antolatuta, Ingoaldeu? taldearen kontzertua izango da.
Kultur hamabostaldiaren barruan antolatzen du urtero Alkartasuna euskal dantza taldeak Sagardo Jaia.