PSE-EEko Izaskun Gomezek edukionztiak banatzen hasteko operatiboa prestatzeko eskatu dio mankomunitateari
Hauteskundeetarako propaganda Antxon
Hauteskundeak irabaztekotan atez atekoa bertan behera utziko zuela agindu zuen Pasaiako PSE-EEk eta gaur San Markoko Mankomunitateak berretsi du asmoa.
Bertako presidente Denis Itxasok jakinarazi duenez, Izaskun Gomez sozialistak eskatu dio jada mankomunitateari edukiontziak jartzeko operatiboa prestatzen hasteko. “Zerbitzu hori lehenbailehen eskaintzearren, plangintza egiten ari gara buru-belarri” esan du Itxasok, “Pasaiako zinegotzi Izaskun Gomez andreak egindako eskaera betetze aldera”.
Udal hauteskundeak PSE-EEk irabazi zituen Pasaian, eta aurreikuspen guztien arabera Izaskun Gomez izendatuko dute alkate ekainaren 13an.
118.250 euroko inbertsioa
Mankomunitateak aurreratu duenez, uztailean bertan has daitezke jartzen edukiontziak Trintxerpen, “stockari esker”. Gerora, baina, edukiontzi berriak erosi beharko dituztela aurreratu dute. Zehaztu dutenez, 165 edukiontzi jarriko dituzte eta horietatik 55 gai organikoa biltzeko izango direla argitu dute; gainerako 110 edukiontziak, berriz, papera-kartoia eta ontziak biltzeko izango direla aurreratu dute.
Edukiontziak erosteko 118.250 euroko inbertsioa egin beharko dutela aurreikusi du Mankomunitateak, eta Pasaia bilketa-ibilbideetan sartzeak urtean 279.292 euro inguruko hazkundea eragingo duela aurreratu. Edonola ere, “zenbatekoa atez atekoa ezartzeko kostua baino askoz ere txikiagoa” dela nabarmendu nahi izan du Itxasok.
Azkenik, Lezoko eta Astigarragako eskaerak jasotzeko zain dagoela aurreratu du Mankomunitateak.