
Autoak, ontziratzeko zain, Lezoko kaian
Siderurgia produktuak dira portuak gehien garraiatzen dituenak, nahiz eta iazko maiatzarekiko produktu horien trafikoa % 2,28 jaitsi den. Hala ere, jaitsiera horri buelta ematen hasiak direla jakinarazi dute portuko iturriek, eta aurreikuspenak onak direla iragarri, “txatarraren inportazioa asko hazi” delako.
Autoen trafikoari dagokionez, 2014ko trafikoekiko diferentzial positiboa hilabetez hilabete handitzen doala jakinarazi du Portuak. Aurten 250.000 unitate inguru mugituko dituztela kalkulatu dute, eta datua ontzat ematen dute, “krisi aurreko urteetako trafiko- bolumenaren batez-bestekotik gertu” dagoelako.
Bestalde, paperaren eta egur-pastaren trafikoak % 13,5 hazi direla nabarmendu dute, 2011n puntu gorenera iritsi zirenetik (191.000 tonako) gainbeheran izan ondoren.
Beherakadetan nabarmen, zerealen-trafikoa: % 43,41 jaitsi da. Iazko uzta txarra batetik, eta bestetik, Pasaiako Portuak trafiko mota hau biltegiratzeko duen espazio faltari egotzi diote beherakada.
Azkenik, arrantza-trafikoa aurreko hilabeteetan bezainbeste hazi dela iragarri dute, nahiz eta alturako flotaren deskargak % 7 jaitsi diren eta baxurakoak %57,2.