Denis Itxaso San Marko Mankomunitateko presidenteak esan duenez, hondakinak edukiontzi sistema bidez jasotzeko kontratuaren aldaketa "segurtasun juridiko osoz egin dadin", atzeratu egingo dute.
Denis Itxaso, San Markoko jarduneko presidentea
San Markoko Mankomunitateak jakinarazi duenez, “Denis Itxasok Pasaiako gaikako bilketaren kontratuaren aldaketa atzeratzea” erabaki du, hau da, udalerrian hondakinak biltzeko sisteman ez da aldaketarik emango uztailaren 1ean Trintxerpen, aurreko astean mankomunitateak iragarri moduan. Horren arrazoia honakoa: EH Bilduko ordezkariak San Marko Mankomunitatean Pasaian indarrean den kontratuaren aldaketaren kontra agertu dira.
EH Bilduko ordezkarien jarreraren aurrean, Itxasok iritzi dio “edukiontzien sistemara berme osoz itzuli ahal izateko” prozesua “segurtasun juridiko osoz” egin behar dela, eta bide horretan, hilaren 13tik aurrera Pasaiako udalbatza berriarekin harremanetan jarriko dela, “edukiontzien sistema ezartzeko biderik eraginkorrenak aztertzearren eta mankomunitatearen baliabide guztiak eskaintzearren”.
San Markotik esan dutenez, EH Bilduko kideak prest agertu dira Pasaiako hondakinak biltzeko sisteman aldaketa emango balitz, hori inpugnatzeko, San Markoko egungo presidentetza jardunekoa delako.