Mikelazulok 20 urte bete zituen atzo. Ospakizuna egin zuten Beheko Kalean, kalean, bertatik pasatutakoen, eta pasatuko direnen partaidetzarekin. Oarsoaldeko Hitza.
Mahai luze baten inguruan bildu ziren Mikelazuloren zaleak
Beheko Kalea bere egin zuen, beste behin, Mikelazulok atzo. Errenteria-Oreretako elkarteak 20 urte bete zituen atzo, eta nola ez, ospakizuna egin zuten, baina handikeriarik gabe, lagun giroan, sormena denaren erdi-erdian. Irribarreak, tragoskak, mokadutxoa eta sormenaren sintonia uztartu ziren arratsaldeko ekitaldian. 20 urte motz gelditu zaizkie elkarteko kideek eta ingurukoek dituzten asmoak ikusita.
Mikrofono bat zegoen Beheko Kalean, orori zabalik. Anplifikazioa batzuk baliatu zuten abesteko, besteek bertsoak botatzeko, eta beste hainbatek hitz egiteko, Mikelazuloz edo herriaz, etorkizunaz edo iraganaz, egindakoaz eta egin beharrekoaz. Sintonia horren atzean hitzen burrunba entzun zitekeen, elkarrizketena, aspaldiko lagunek elkarri zor zizkieten solasaldiena. Eta orduan opila iritsi zen, 20 kandelarekin. Putz egin, eta atzoko
kedadan zeudenek kandelen kearen usaina barneratzen zuten bitartean, berriz ere ekin zioten mahai luze-luzearen ondoan elkar komunikatzeari.
Gaur 20 urte eta egun bat ditu Mikelazulok. Kulturaren, elkar ezagutzaren, sormenaren faktoriak Beheko Kalean ekoizpenarekin jarraituko du. Nork, nola eta noiz, hori egunek, asteek eta hilabeteek esango dute.
[nggallery id=71]