Errenkoalderen barruan dauden Errenteriako komertzioek kanpaina bat dute abian ekainean zehar, herritarrei jakinarazteko kontsumo arduratsuak dituen onurak, ingurumenerako nahiz tokiko merkataritzarako.
Errenkoaldeko, eta Ordizia eta Hernaniko merkataritza elkarteen buruak, kanpainaren aurkezpean
Herritarrak eta bezeroak hondakinak murriztearen garrantziaz jabetzeko,
Dendartean eta denon artean zero zabor kanpaina abiatu du Errenteria-Oreretan Errenkoalde Errenteriako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu elkarteak. Kontsumo arduratsuaren aldeko jarrera helarazi nahi diete herritarrei herriko dendariek, eta horretarako hainbat euskarriren bidez informazioa eman eta zenbait neurri abian jarri dituzte. Ekainean zehar izango dira indarrean.
Kontsumo arduratsuaren aldeko kanpaina berezia bai. Baina Errenkoaldetik gogorarazi dute urtean zehar herriko dendariek duten konpromisoa gisa horretako kontsumoarekin, eta bertako produktuak erostea, erosketak egiteko ibilgailurik behar ez izatea, tokian tokiko ekonomia indartzea, aberastasunaren banaketa justuagoa, edo ahalik eta hondakin gutxien sortzea bide horretan doazela jakinarazi dute.
Alta, Errenteriaz gain, Hernanin eta Ordizian ere ari dira garatzen kanpaina berbera. Uda eta gero, irailean eta urrian, Azpeitia, Urretxu-Zumarragan eta Zumaian egingo dute. Izan ere, Dendartean Gipuzkoako Merkataritzaren Bilgunearen eta aldundiaren artean ari dira aurrera eramaten kanpaina.
Aurreko guztiak, orokortasunak dira. Zehatz, Dendartean eta denon artean zero zabor kanpainari lotuta, honakoak aurki ditzakete bezeroek dendetan:
- Informazio panelak jarri dira, hondakinak murrizteak duen garrantziaz jabe daitezen bezeroak.
- Kanpainak iraungo duen hiru asteetan ez da plastikozko poltsarik emango.
- Mostradorean jarritako karteltxo baten bidez, bezeroei aholkuak emango dizkiete. Gainera, produktu ekologikoz osatutako 10 otar zozkatuko dira bezeroen artean.
- Kanpaina bitartean kale animazioa egongo da, interaktiboa, herritarrekin hartu-emanetan jarriz aktoreak: galderak egingo dizkiete ea plastikozko poltsarik eskatu ote duten eta abar. Erosketa egin dutenek telazko poltsak edo orgak badituzte, saria izango dute.
- Merkatariak, hondakinak murrizteko irizpideekin formazioa jasoko dute.