Emakumeen Mundu Martxari begira jarrita daude dagoeneko oiartzuarrak. Udaletxean elkartu ziren atzo karabana eskualdera etortzen denerako prestatzen.
Lantaldetan banatu ziren
Emakumeen Mundu Martxari begira jarrita daude dagoeneko Oiartzungo feministak. Udaletxeko areto nagusian elkartu ziren atzo ilunabarrean karabana eskualdera etortzen denerako prestatzen. Kurdistanen martxoan hasi zen martxa irailaren bukaeran iritsiko da Oarsoaldera.
Aurtengoa bosgarren bira izango da eta Euskal Herrirako pentsatutako leloa
Gure gorputzak, gure lurraldeak, martxan jarraituko dugu guztiok libre izan arte da. Aurtengo sinboloa haziak dira.
Hazien murala eta belardian marrazkia
Mundu martxa eskualdera iristen denerako egin daitekeenari buruz aritu ziren bertaratutakoek. Hainbat ideia atera ziren: bertso potea, kale zinema, udaletxeko balkoia apaindu… Taldeka jarri ziren eta ideia horien inguruan hitz egiten egon ziren. Gehien gustatu ziren ekimenak bi izan ziren: hazien murala eta belardian marrazkia egitea.
Hazi ezberdinekin aldarrikapen eta irudi bat margotzea izango da asmoa. Plazan egingo dute irudia denen artean eta gero mural hori plazan bertan geldituko da. Horrez gain, anbulatorio aurreko belardian emakumearen sinboloa margotuko dute loreekin.
Hurrengo bilera irailean
Aukeratutako ideiak gorpuzteko beste bilera egingo dute. Irailaren 3an izango da, 19:00etan, udaletxeko areto nagusian.