Larunbatean jokatu ziren Madalensoron Girizia elkarteak antolatzen duen Euskal Herriko Pala Txapelketa irekiaren finalak.
Finalistak, Madalensoron, Giriziako kideekin
Euskal Herriko XI. Pala Txapelketa irekiak, Josetxo Gamioren omenezkoak, baditu irabazleak. Aurreko larunbatean jokatu ziren finalak madalensoron, eta horrelakoetan espero daitekeen lehia eta emozioa soberan ez izan arren, ikusleek gozatu egin zuten pilotarien mailaz. Emaitza sendoak lortu zituzten irabazleek. Girizia Elkartearen Pilota Sailak antolatu du aurten ere txapelketa, Euskal Herri mailakoa hamaikagarrenez, baina txapelketa bera 32. urtez.
Mailaz maila errepasoa eginaz, honakoak izan ziren irabazleak: Emakumeen Gazte Mailan Eizmendi-Aldai bikoteak jantzi zuen txapela, Tolosa-Senperenari 25-15 irabazita; Gizonen Hirugarren Mailan Virgilio-Roteta bikoak, Gelbentzu eta Olasagastiri bi tantoko aldeagatik irabazi zien, 25-23; gizonen Bigarren Mailan argiagoa izan zen Salaberria-Aranjueloren garaipena, Oiartzabal eta Juanikorenari 16-25 irabazita. Azkenik, gizonen maila gorenean, Zubimendi eta Ramosek, Otegi eta Telletxeari 25-7 irabazi zieten.
Otsailean hasi ziren Euskal Herriko XI. Pala Txapelketaren partidak. Ordutik, 152 partida jokatu dituzte bertan izan diren 85 bikoteek, 79 gizonenak 6 emakumeenak.