Amaia Agirregabiria alkate kargua hartu zuenekoa
Etzirako, goizeko 10:00etarako deitua dute Pasaian udalbatza berria osatzeko plenoa, eta ordu erdi lehenagotik elkarretaratzean izango dira udaletxe parean hondakinen bilketan aritzen diren langileak, «beren lanpostuen defentsan». Izan ere, PSE-EEko Izaskun Gomezek hartuko du aginte makila Pasaian, eta honek iragarria du bere lehen erabakia zein izango den: atez atekoa bertan behera uztea.
PSE-EEk Pasaian osatuko duen gobernu taldean bi independente ariko dira: Diego Leonet eta Enrique Sanchez. Trintxerpen atez atekoaren kontra egon den mugimenduaren buru da lehena, eta Portu Agintaritzako informatikaria eta CCOO sindikatuko kidea bigarrena, Trintxerpeko Kirol Klubean egiten duen lanarengatik ezaguna.
Haiekin batera Lore Suarez eta Itziar Barragan osatuko dute gobernu taldea. Azken biak berriak dira udaletxeko jardunean.
Oposizioan, aurpegi berri asko
Oposizioan talde nagusia EAJ izango da, bost zinegotzirekin, eta Nahikari Otermin haien buru. Ondoan izango ditu Sergio Ekiza, Miriam Cano, Aitor Iturbe, eta Erik Rios.
EH Bilduk lau zinegotzi izango ditu eta hiru Pasaiak Ahal Du-k.