Mende laurdena beteko du aurten Lezoko Imanol Artola Oroitaldiak. Parte hartze handia espero dute futbito txapelketaren antolatzaileek. Hitzordua, asteburuan, Lezoko Bekoerrota kiroldegian.
Axier Irastorza eta Tito Labordeta
Imanol Artola Oroitaldia prestatzen buru-belarri ari dira Tito Labordeta eta Axier Irastortza. Beraiekin batera ari da Artzanegi Orbiso. Urteurrena dute aurtengoa, biribila. Izan ere, mende laurdena beteko du Artola zenaren omenezko oroitaldiak. Ezer berezirik ez dutela prestatu esan du Labordetak, “urte bat gehiago da, 25 gutxi ez badira ere. Imanolen [Artola] familiarekin eta futbito txapelketa hau antolatzen urteak daramaten lagunekin detaileren bat izango dugu”.
Antolaketan hirurak badabiltza ere,inguruan babes zabala dutela esan du Irastortzak: “40 lagun inguru aritzen dira urtero musu-truk lanean oroitaldiaren bueltan, taberna dela, muntaia eta desmuntaia dela, arbitroak… erantzuna izugarria da”. Urteurrena antolaketa taldean erreleboa emateko baliatu nahi dutela ere esan du Labordetak, urte mordoa daramate beraiek oroitaldiarekin, eta lanean jarraitzeko erabateko prestutasuna azaldu badu ere, belaunaldi berriei lekukoa emateko garaia heldu dela esan du, “jende gaztea sartzea nahi dugu, guk lanean jarraituko dugu, baina antolaketan protagonismoa gazteei eman nahi diegu”.
32 talde gehienez
Ekainaren 13an eta 14an jokatuko da aurten Imanol Artola Oroitaldia, eta hilabete honen erdialdean zabalduko dute izena emateko epea. Baldintzak, urteroko berberak direla zehaztu dute bi lezoarrek. Hamasei urtetik gorakoak izan behar dute parte hartzaileek eta hamar lagunez osatutako taldeak osatu behar dira. Hamar lagun horiek, gainera, jokatu beharko dute txapelketa osoa. Gehienez 32 talde onartuko dituzte antolatzaileek, eta interesdunek Tiñelura jo beharko dute izena ematera. Inskripzioak, berriz, 50 euro balio du.
Laguntzaileak falta ez badituzte, txapelketak ere ez du jokalaririk falta izaten. Izan ere, urte gehientsuenetan lortu omen dute 32 taldeko mugara heltzea. Heldu ez direnetan berriz, 25 taldetik gora hartu omen dute parte. Lezotik bertatik eta Oarsoaldeko herrietatik joaten omen dira oroitaldian parte hartzera, “Lodosatik eta beste urte batean Valladolidetik (Espainia) ere etorri izan dira”, esan du Labordetak.
Hamaika anekdota
Mailaren gainean ere mintzatu dira bi lezoarrak, izan ere, hasiera batean herrikoiagoa eta lagun artekoa zena, urtetik urtera “lehiakorragoa” bihurtzen ari dela esan dute: “Maila handiagoa dute datozen taldeek, eta datozenak horretara datoz, irabaztera”. Faltan sumatzen ditu, hortaz, Labordetak futbolean maila handirik izan gabe garai batean izena ematen zuten koadrilak, “emakume taldeak, edo mistoak izan ditugu jokatzen adibidez, eta gaur egun, tamalez, ez dago halakorik. Hasiera hartan ez zen hain lehiakorra”.
Ikusleak ere ez omen dira falta, “batez ere finalean, lepo egoten da Bekoerrota kiroldegia, eta tartean Lezoko talderen bat baldin badago, giroa izugarri berotzen da”, esan du Irastortzak.
Taldeen inskripzioarekin eta publizidadearen bidez jasotako diruarekin finantzatzen dute oroitaldia, ez dute diru laguntzarik eskatzen. Ez dute ahaztu nahi izan, ordea, Bekoerrota kiroldegia bera, zein oroitaldia antolatzeko behar izaten duten azpiegitura uzten diela Lezoko Udalak, eta udalari eskerrak emateko aukera ez dute galdu, beti jarrera ezin hobea aurkitu dutelako bertan.
Ostiko asko eman dizkiote baloiari 25 urtean txapelketan parte hartu duten jokalariek, eta oroitaldiak berak ere izan ditu aldaketak. Horien gainean ere aritu dira Irastortza eta Labordeta. Gogora ekarri dute, adibidez, Goiko Plazako frontoian jokatzen zela oroitaldia hasieran, Bekoerrota oraindik ez zenean. “Makina bat lasterketa egin ditugu baloiaren atzetik… [barrezka biak]. Garai batean 20 baloi behar izaten genituen gaur bakarrarekin egiten duguna egiteko. Baloi atzetik ibili behar genuen, galtzen ez zenean, zoramena zen… jokalariek baino kirol gehiago egin behar izaten genuen antolaketan ari ginenak”.
Megafoniak ere jokatu omen die noiz edo noiz pasadatxoren bat. “Sari banaketa egin behar genuen unean kale egin izan digu”, esan du Irastortzak. Anekdotak anekdota, gustura daude bi lezoarrak oroitaldiak eman duenarekin, eta ematen jarraitzen duenarekin, “eskualde mailan behintzat, erreferente bihurtu da Imanol Artola Oroitaldia, eta gustura gaude maila guztietan duen erantzunarekin. Funtzionatu ez balu bertan behera utzia genuke, baina 25 urte daramagu, eta jendeak erantzuten jarraitzen du. Horrek jarraitzera animatzen gaitu”.
Gazte konprometitua
Oroitaldian askotariko jendea, futbola eta aldarrikapena uztartzen direla esan du Irastortzak, eta giro berezia sortzen dela Bekoerrotan txapelketak irauten duen 24 ordutan. Bi talde finalistek jasoko dute saria: afaria eta garaikurra. Oroitaldiaren txapeldunek eramango duten trofeoa hartuta joan dira Labordeta eta Irastortza Hitza-rekin hitz egitera: “Pertsonalizatu egin nahi genuen trofeoa”.
Imanol Artolaren omenez hura hil eta urte eta erdira hasi ziren oroitaldia antolatzen. 16 urte baino ez zituen lezoarrak, eta futbolari eta ezker abertzaleari lotuta zegoela ekarri dute gogora Labordetak eta Irastortzak; Allerru taldeko jokalaria ere bazen Artola: “Gazte konprometitua zen Imanol, eta bere omenez zerbait egin behar genuela erabaki genuen”.