Argentinara joandako lezoar baten hiru gutun argitaratu ditu Lander Zurutuzak ‘Lezoko Portua’ blogean. Erbestetik aitari orain 100 urte idatzitakoak lekukotza paregabea dira Zurutuzaren ustez.
Argentinatik Pepe Salaberria lezoarrak bidalitako gutunak berreskuratu ditu Zurutuzak.
Argentinako Ucachatik heldutako hiru gutun argitara eman ditu Lander Zurutuzak Lezoko Portua, lezoar nortasunaren iparra blogean. Pepe Salaberria Garbizuk (Lezo, 1888) Argentinatik Lezora aitari idatzitakoak dira gutun horiek, eta Zurutuzak ia 100 urte beranduago, 2010. urtean topatu zituen Andreone liburutegian. Bertako liburuzaina da Zurutuza, eta pozik da aurkikuntzarekin, «hiru gutun dira, eta ziurrenik askok, aurkituta ez zioten inongo garrantzirik emango, baina informazio izugarria ematen digute garai hartako bizimoduaz, harremanez, egoeraz».
Andreonen egindako lan batzuen harira topatu zuen altxor hori Zurutuzak, «lehen solairua egokitu zuten, eta biltegi batean paper eta liburu zaharrak, katalogotik kanpo gelditutako liburuak zeuden. Sekula ireki gabeak ziren gainera guztiak, ni heldu aurretik hemen ziren. Horien guztien artean, liburu bat topatu nuen, Zumalakarregiren biografia zahar bat. Katalogotik kanpo zegoen, eta liburuaren orrien artean, han ziren gutunak». Ez daki Zurutuzak nola heldu ote ziren bertara, «herritarren batek liburua eskainiko zion liburutegiari ziurrenik… Kontua da han azaldu zirela eta niri interesgarria iruditu zitzaidala horiek katalogatzea, eta publikoaren eskura jartzea. Pentsatu nuen ikerlariren batentzat baliagarria litzatekeela aztertzea».
Gazte ugari erbestera
Bost urte pasatu dira ordutik, eta inork ez duenez ikerketarik egin Zurutuzak berak, hiru gutun horiek argitara ematea erabaki du orain gutxi.
Euskaldun askok, eta baita lezoar gazte ugarik, udalerritik alde egin zuela garai hartan esan du, «arrazoi askorengatik erbesteratu ziren. XX. mendean bi karlistada izan genituen, eta gerra guztietan bezala, galtzaileak izan ziren tartean. Lezoar asko izan zen galtzaile suertatu ziren horien ondoan, eta ondorioz, egoera ez zen batere ona beraientzat. Derrigorrezkoa zen soldadutzari uko egiteko modu bat zen alde egitea».
Pepe Salaberria, Elias Salaberria margolari ospetsuaren, eta Tomas Garbizu konpositorearen lehengusua, izan zen erbesteratu zen gazte horietako bat. Bereak dira Zurutuzak berreskuratu dituen eskutitzak, eta horietan zuzenean esaten dio aitari anaia Argentinara bidaltzeko harekin, soldadutzari uko egiteko, «espresuki aipatzen du hori Salaberriak gutunean».
Jazarpenari ihes egiteko ere erbesteratu zirela asko eta asko gaineratu du liburuzainak, eta horren adibide bat ere eman du, izen-abizenekin: Martin Olaizola lezoarra. Apaiziartza eta Zapatazarburu baserrien jabe zen Olaizola, eta horietako bat hipotekatu egin zuen bi alaba eta semea Uruguaira bidaltzeko, «Donostiatik Montevideorako pasajea ordaintzeko». Olaizola hiru seme-alabekin karlisten alde, «txapelgorrien alde» borrokan aritu zela azaldu du Zurutuzak, «hurrengo urteetan baserrien uzta kendu zioten eta baita gurdia ere… Gerra guztien ondoren gertatzen direnak dira».
Salaberriaren hiru gutunak lekukotasuna dira Zurutuzarentzat, «informazio ikaragarria ematen dute. Begi kritikoarekin begiratuta esaldi bakoitzak du zer edo zer, semea eta aitaren artean zein harreman mota zegoen garai hartan erakusten du, zein harremana duen familiarekin… Askotan ez zaio garrantzirik ematen halakoei, baina balio handia dauka».
Herriko historia eta ondarea ikusgarri egin nahi dute
‘Lezoko Portua’ bloga martxan jarri dute hiru lezoarrek. Hamar post dituzte une honetan, Lezoko historia edo ondareari erreferentzia egiten dietenak
Lezoko Portua bloga sortu zuten 2014 amaieran Lander Zurutuza, Joxe Luix Agirretxe eta Mikel Susperregi lezoarrek. Kezka batek baino gehiagok eraman zituen leiho hori zabaltzera, baina Lezo, udalerriaren historia eta ondarea ikusgarriago bihurtzea izan dute xede nagusia. «Askotan hitz egin dugu hirurok gaiaren gainean —esan du Agirretxek—, eta argi dugu inguruko herriek Lezo jan egin dutela. Ez dugu uste pretentsioarekin egindako zer edo zer denik, agian herririk txikiena delako izan daiteke, edo inguruko herri handiagoek sare sozial handiagoa dutelako… baina hala ikusten dugu guk».
Zurutuza eta Agirretxe, blogaren sustatzaileetako bi
Kexu azaldu da Agirretxe, udalerriari zuzenean eragiten dioten gaiak izanik ere, Lezoren izena azaltzen ez delako kasu askotan, eta horren adibideak eman ditu: «Gaintxurizketako plataforma logistikoa da adibide garbia. Kalte guztia Lezok jasoko du, gure lur eremuan kokatuta azaltzen da, baina haren gaineko berriak emateko garaian Pasaiaz eta Irunez mintzo dira».Behobia-Donostia lasterketarekin ere kexu da lezoarra. Lezotik ez zela pasatuko esan omen zuten lasterketa ezagunaren azken edizioa aurkezterakoan, «baina ez da egia. Lasterketaren laurden bat gutxienez Lezon barrena egin zen. Kaskotik ez zen pasatu, baina bai, ordea, gure udalerritik»·
Ekarpenetarako zabalik
Azken bi-hiru urtean Lezoren gainean prentsan egindako aipamenak biltzen aritu da Agirretxe, «eta gauza handirik ez dut aurkitu». Tartean, Euskal Herria la mirada mágica ETBn ematen zuten saioari erreferentzia egin dio lezoarrak: «Oarsoaldea gainean zebilen helikopteroa irudiak hartzen, Oreretaz hitz egin zuten, Pasaiaz ere, eta halako batean Lezo gainean kokatu zen. Gauza bakarra esan zuen: «Lezo, Blas de Lezo almirante handiari izena eman zion udalerria». Hori baino ez zuen esan saioak, eta gainera, gezurra da hala denik».
Lezok baduela bizia, sortzen dituela berriak, baduela zer esan eta kontatu argi dute Agirretxek eta Zurutuzak, «baina antza badugu arazo objektiboa, agian ez gara geure buruaren oso salduzale. Horrek badu ondoriorik, lezoarrek Lezorekin dugun lotura, afektibitatea, pertenentzia sentimendua ahultzen duelako. Ezagutzen ez dena ez omen da maitatzen, eta beraz, ezagutzetik, ezagutzera ematetik hasi beharko dugu, maitatzera iristeko eta garenaz harro sentitzeko».
Salaberriaren margoa
1970eko hamarkadan esponentzialki hazkunde handia izan zuela Lezok ere aipatu du Agirretxek: «6.000 biztanle ditu egun Lezok eta 810 urteko historia. Jatorriari erreparatuz gero, ia erdia Euskal Herritik kanpo jaiotakoak dira, eta Euskal Herrian jaiotakoen artean oso gutxi dira Lezon jaiotakoak. Horrek esan nahi du familiaz eta belaunaldiz lezoar sentitu direnak, bertako tradizioak jaso dituztenak, bertako istorioekin elikatu direnak, bertako pertsonaiak eta ondarea jaso dutenak oso gutxi direla eta lotura oso ahula dela, ondorioz. Jendeak ‘Lezon bizi naiz’ dio, baina ez du Lezoz hitz egiten eta horrek hutsunea dakar».
Ikuspegi apala dutela blogaren gainean esan du Zurutuzak, «ez dut uste blogarekin bakarrik egoerari buelta ematea izango dugunik. Hondar alea izango gara, Lezoren historia eta ondarearen gaineko informazio leihoa izan gaitezke».
Zurutuzak, Agirretxek eta Susperregik sortutako blogak ateak zabalik ditu lezoarren ekarpenak jasotzeko, «gonbidapena egin diogu Lezoren gaineko gauzak idatzi nahi dituen orori. Hondar alea jarri nahi duena, ondarea berreskuratzeko, ongi etorria izango da. Historia, eraikinak, margolanak… edozerren gainean idatzitakoak izan daitezke. Zabalkuntza lana egin nahi dugu, modu apalean eta inolako pretentsio zientifikorik gabe. Berreskurapen lana egin nahi dugu, gauzak biltzen joan. Une honetan idatziak eta argazkiak ditugu blogean, baina ikus-entzunezkoak biltzea ere badugu helburu».
Iazko abendutik hona, hamar post argitaratu dituzte Lezoko Portua blogean. Azkena Lander Zurutuzak berreskuratutako Pepe Salaberriaren gaineko idatzia da, baina badaude bestelako harribitxiak ere, tartean Agirretxek idatzitako bat. Espainiako II. Errepublikako 500 pezetako billetearen gainean idatzi du lezoarrak. Billete horietan Elias Salaberria margolari lezoarraren margolan bat azaltzen da, «lezoar batzuen artean ezaguna zen kontu hori —esan du Agirretxek—. Nik ez dut oroitzen nola jakin nuen, baina billete originala ere esku artean izan dut, eta kopia bat egin nuen niretzat jasotzeko. Salaberriaren margolan hori izugarri gustatzen zait, etxean daukat jarrita erreprodukzio bat, eta gaia idazteko interesgarria iruditu zitzaidan».
Elias Salaberriaren margolanean azaltzen diren pertsonak herriko semeak direla esan dute Zurutuzak eta Agirretxek, «beti inguruko jendea baliatzen zuelako Salaberriak modelo gisa bere lanak margotzeko, edo familiakoak. Koadro horretan zehatz-mehatz Patxi azaltzen da, Patri Urkizu Lezoko idazlearen aita».
Blogak izan duen harreraren gainean galdetuta, batera erantzun dute Zurutuzak eta Agirretxek «minoritarioa» dela, «marginala esan dezakegu, eta handitzen badoa, txingurri lanari esker izatea nahi dugu, bizitza ematen joan nahi dugu poliki-poliki».
Ekarpenak jasotzeko gogoz daude. Horretarako, zer esana edo kontatua duenak beraiengana jotzea baino ez du.
Informazio gehiagorako:
lezokoportua.wordpress.com