OKEren emakumeen taldeak Lehen Mailara igotzeko aukera du etzi Vigon. Joaneko 2-1ekoarekin itxaropentsu dago taldea, baina partidaren bila doaz
Joaneko partidan, oiartzuarrak gol bat ospatzen.
Itxaropentsu, baina konfiantzarik gabe. Horrela aurre egingo dio Oiartzun Kirol Elkartearen (OKE) emakumeen talde nagusiak Lehen Mailara igotzeko azken kanporaketako itzuliko partidari. Joanekoan, Oiartzunen, 2-1 irabazi zuten etxekoek. Etziko partida hasi aurretik abantaila dute, hortaz, Jon Alkortak entrenatzen dituen jokalariek. Baina ezin dute lo hartu, ezin dute lasaiegi atera El Olivo Vigoko taldearen zelaira.
12:00etan hasiko da etziko partida. OKEren historian, garrantzitsuenetakoa, jokoan baitago 10.000 biztanleko herri batek kirol talde bat mailarik gorenean izatea. Eta herrian horretarako gogoa badago, ez OKEn bakarrik. Hori nabarmen gelditu zen joaneko partidan, zaleek bete egin zutelako Karla Lekuona zelaia.
Vigon ere ez dira bakarrik egongo Oiartzungo jokalariak. Izan ere, futbolariak eta teknikoak eramango dituen autobusa zalez ere beteko dute, eta horrez gain, beste autobus bat bete dute oiartzuarrek, eta autoetan joango denik bada. Kanporaketa aurrera atera, Bigarren Mailako txapeldun izan eta Lehen Mailara igo besterik ez dute buruan jokalari eta zaleek. Baina hala izango ez balitz, ez litzateke porrota izango, orain arte egindako guztiari balioa eman behar zaiolako.
“Gure jokoa egitera”
Jon Alkorta entrenatzaileak ez du formula miragarririk etziko partidarako. Baina badu zertan oinarritu taldearengan konfiantza izateko: “Gure jokoa egitera aterako gara. Dakiguna zelaian egiten badugu, aurrera aterako dugu partida. Zaleen babesa eskertuko dugu bide horretan”.