SOS Arrazakeriak-ek antolatuta, hamar herrialdetako arrozak dastatzeko aukera izan da gaur eguerdian zumardian; inor gutxik uko egin dio dastatzeari
Jatorri askotariko herritarrek prestatu dute gaur arroza zumardian
Kuba, Ghana, Honduras, Nepal, Nikaragua, Nigeria, Pakistan, Paraguai, Dominikar Errepublika eta Senegal. Bi euroren truke, herrialde guzti horietako arrozak dastatzeko aukera izan da gaur eguerdian SOS Arrazakeriak-ek atondutako karpan. Herriko lau elkartek ere zerbitzatu dute arroza, norbere erara prestatua. Aljarafe elkarte andaluziarra, Batasuna, Mikelazulo eta Kolore Guztiak elkarteek eskaini dute eurena.
Bertan bizi diren jatorri askotako pertsonen artean elkarbizitzarako zubiak eraikitzea da urtero SOS Arrazakeriak-ek antolatzen duen Munduko Arrozak jaialdiren helburu nagusia. Aurtengoa IV. ekitaldia izan da, eta harrera oso ona izan du, jendea pilatu baita karpa inguruan arroza dastatzera.
Aurtengoan, Europako hegoaldeko mugaren —Mediterraneo itsasoa eta Ceuta zein Melilla— inguruan gertatzen ari direnak salatu nahi izan dituzte, iaz bertan 3.000 hildako egon zirela nabarmenduz.
Europako Batasunean asilo eskaerek %24 egin dutela gora ohartarazi dute SOS Arrazakeria-ek, eta eskubideei arreta gehiago jartzeko eskatu dute.
[nggallery id=77]