
Serafin Esnaola plazan, oihal katea
Donibanen lehenik, Antxon ondoren, eta lehengo igandean, azkenik, Trintxerpen eta San Pedron. Honenbestez, pasaitarrek prest dituzte igandean Anoetan erabakitzeko eskubidearen alde irudikatuko den hautetsontzi erraldoirako baliatuko diren oihalak.
Gure Esku Dago herritar iniziatibak antolatu du igandeko deialdia, Euskal Herriko hiriburu guztietan.
Bien bitartean, baina, Anoetarako sarrerak salgai daudela gogorarazi du Pasaiako Gure Esku Dago-k, baita elastikoak ere. Trintxerpen eta San Pedron, Lema eta Sonesa saltokietan eta Erdibana, Trintxer, Dax, Antxeta, Begihaundi eta Juanito tabernetan eros daitezke eta Pasai Antxon, Leunda tabernan, Urdin libu-dendan eta Patxi estankoan. 10 euro balio du helduen sarrerak, eta 5 euro haurrena.
Internetez ere eros daitezke.
‘Jostunak’ dokumentala

Bide batez, bihar -asteazkena, hilak 17-, Euskal Telebistako bigarren katean
Jostunak dokumentala emango dutela iragarri du Gure Esku Dago-k, 22:30ean.
Jostunak dokumentalak Gure Esku Dago iniziatibaren sortze prozesua eta bilakaera laburbiltzeaz gain, askotariko pertsonalitateen iritzia bildu du, hain zuzen ere, erabakitzeko eskubidearen gainean. Juan Jose Ibarretxe edota Gema Zabaleta ageri dira, besteak beste, elkarrizketatuen artean.
Dokumentalean, iazko ekainean Iruñea eta Durango artean egin zen giza katearen irudiak ikus daitezke baita ere.