Herriaren ondare-aberastasuna ezagutzera eman nahi du liburuak; udazkenean erakusketa antolatuko dutela iragarri du udalak

Ricardo Ugarteren ‘Portu batetarako Aingura’ Gomistegin kokatu zuten egunekoa; lehendik Portuan egon zen, Buenavistako kaian
Larraitz Arretxeak katalogatu ditu liburuan agertzen diren artelanak, eta Iñaki Berriorenak dira argazkiak. Pasaiako Udalak argitaratzen duen Zabaldiya bildumaren bigarren zenbakian,
Pasaiako Udalaren Arte Bilduma jaso dute.
Pasaiako Udalak urteetan bildu eta udal eraikinetan sakabanatuta dituen artelanak jasotzen ditu liburuak, baita kalean dauden eskulturak ere. Modu horretan, Pasaiako Udalak pasaitarrek eta bisitari gehienek ezagutzen ez dituzten artelanak ezagutzera eman nahi ditu, eta horiek balioan jarri, azken batean, “Pasaiaren isileko ondarea agerrarazi”.
Udazkenean erakusketa
Liburua laster liburu dendetan eta udal liburutegietan eskuragarri izango dela jakinarazi du udalak. Bide batez, udazkenean erakusketa antolatuko dutela iragarri dute kultura departamentuko iturriek. Udazkenean izango da erakusketa, eta data oraindik zehazteke badago ere, lau barrutietan batera izango dela aurreratu dute, udalaren arte bildumarekin zirkuitu modukoa antolatuz.
Pasaiako Udalaren bilduma da Zabaldiya. Lehen zenbakian, –
Literaturaren Pasaian– historian zehar Pasaiari buruz idatzitakoak bildu zituzten. Bildumaren hurrengo proiektua ere martxan da jada eta Pasaiako portzelanari buruzkoa izango dela iragarri dute bildumaren arduradunek.